martes, 7 de abril de 2015

KOOPERAZIOA




ZER EGIN DEZAKET TALDE LANA BULTZATZEKO?


Historikoki ikastetxeak eta hezkuntza metodoak modu indibidualean antolatuak izan dira. Hau da, pertsona bakoitzak bere lanari ekin behar izan dio besteari erreparatu ere egin gabe. Urteen esperientziak aldiz erakutsi du talde lanean aritzeak oinarrizko gaitasunak garatzen laguntzen duela eta ikasketen kalitatea hobetzen duela baina, irakasleek, zailtasunak ditugu talde lan hauek bideratzeko eta, beraz, ikasleei ez die erakutsi modu kooperatiboan lan egiten.
Lan indibiduala mantenduz kooperazio lanetara salto egitea ezinbesteko erronka da gaurko hezkuntza sistemarentzako. Horretarako beharrezkoa da irakasleek egitura eta metodologia kooperatiboetan aditu egitea. Irakasleek ikasgelak egitura kooperatiboetan antolatzeko beharra dute.

Ikasgelak modu kooperatiboan antolatzeak bertako kide guztiak bere ezaugarri propioekin onartzea dakar. Ikasleen artean perfil ezberdinak aurkituko dira eta horiek guztiak batera lan egitera bideratu behar dira. Horretarako lan talde txiki heterogeneoak antolatu beharko dituzte.

Irakasgai bakoitzeko materiak aurrera eramateko metodologia erabat aldatzea eskatzen du kooperazioak. Klase magistralak alboratu eta elkarlana oinarri izango dituen metodoak aplikatu beharko dira. Horretarako kooperazio estrategiak ezagutu eta aplikatuko dira.

Metodo hauen bitartez ikasleek ezinbestez elkarren beharra izango dute ikasgaiko helburu bakoitza lortzeko. Helburu horiek gauzatzeko kide bakoitzak izango dituen gaitasun ezberdinak beharko dituzte, besteak beste: talde lanean aritzeko gaitasuna, gaitasun intelektuala, komunikazio gaitasuna, bilaketak egiteko gaitasuna, idazteko gaitasuna, ulermenerako gaitasuna, gaitasun linguistikoa… Aniztasun horietaz gain talde lanak elkarren arteko harremanak sendotzea, elkarri entzuten jakitea, enpatia lantzea, eztabaidak burutzen jakitea… ekarriko die.

Baina prozesu honetan zein da irakaslearen egin beharra? Irakasleak talde lanak burutzeko taldeak osatu beharko ditu ikasleen perfil ezberdinak identifikatuz eta beraien elkarlana bermatuz. Bestalde, ikasleen ikaskuntza prozesu guztian gidari lanak egin beharko ditu edota laguntzaile izan beharko da eta metodo ezberdinak planteatu beharko ditu elkar lan horiek burutzeko.

Ikasgelako lanaz gain ezinbestez beste irakasleekin beraien ikasgeletan egiten duena eta detektatzen dituen arazo eta hobekuntzak konpartitu beharko ditu. Irakasleen arteko elkarlana ezinbesteko izango da ikasleen ikaskuntza prozesua modu kooperatiboan bideratua izan nahi baldin bada.