sábado, 4 de abril de 2015

HERRI CURRICULUMA


Euskal Herrian herritarrek kezka handia erakutsi dute hezkuntza kontuen inguruan eta modu aktiboan sustatu ditu hezkuntza egitasmo euskaldunak. Horren erakusgarri dira, hala nola, ikastola bakoitzaren inguruan herritarrek egin duten lan izugarria edota eskola publikoan euskarazko lerroak irekitzeko auzoz auzo egindakoa. Horren adibide da, baita ere, hezkuntza eremuko jaialdietan biltzen den jendetza. Hauen artean daude baita, azken urteotan herri eta ikastetxe desberdinetatik abiatutako egitasmo diren Herri Curriculumak.Gaur egun ikastetxeak barneratua duen Ikastolako Curriculum Proiektua (ICP), hankamotz geratzen da ikastetxeak bere Hezkuntza Proiektuan garatutako filosofiarekin. Ondorioztatu genuen, Curriculuma ez dela gai ikasleen garapenean beharrezkoak diren jakituriak, balore edota gaitasunen barneratzea bermatzeko.Gabezia hauen arrazoia, Hezkuntza Sistema estandarizatu eta zurrun batera moldatzeko saiakeran, eta beronek proposatzen dituen baliabideak txertatzean dagoela ondorioztatu genuen. Horrela, denboraren poderioz, herrietako izaera eta nortasuna kontuan hartzen ez dituen Curriculum bat izatera heldu gara. Honek, hainbat arazo eta egoera arriskutsu sortarazi ditu, horietako nagusia, gure herriko jakituria eta kulturaren transmisioa eten egin dela. Hori dela eta, gure herriko balore, jakituria eta izaera barnebilduko dituen curriculum baten beharra dagoela ondorioztatu genuen.Herri Curriculum bat sortzeko hautua ez da gure burutazio hutsa izan, Euskal Herri mailan ugariak dira gisa honetako proiektuak. Gure herriak, betidanik izan du hezkuntzarekiko sentsibilitate handia eta hainbat eratako lanak eta borrokak burutu ditu. Euskal Herriko historia hurbilean, ikastolen mugimendua jarri dezakegu horren adibide gisa, herriz herri, hezkuntza euskaldun eta berritzaile bat garatzeko unean, norbanako eta kolektibo ezberdinak batzea lortu zuena. Horretaz gain, gure helburua garatu duten proiektuak ere aurki ditzakegu, hala nola Euskal Curriculuma edota herri mailara joaz Orio, Azpeitia edota Arrasateko Herri Curriculumak esaterako. Oriokoa litzateke azken adibidea.Espainiako Estatuko gobernuak inposatzen ari den hezkuntza erreforma atzerakoiak ere, LOMCE bezala ezagutzen denak, eragina izan zuen herri mailako hezkuntza baten beharrezkotasunaz ohartarazteko. Ez dugu hezkuntza sistema orokortzaile eta doktrinatzaile batean sinesten, herritik eta herriarentzako hezkuntza batean baizik. norbanako guztiok ezinbestekotzat jotzen dugu, herriko izaerara moldatzen den zentroak izan behar ditugula eta hezkuntza herriko denon ardura dela, hori dela eta, izaera horri erantzungo dion proiektu pedagogiko bat behar dugunaren ustea sakona dugu.

Orioko Curriculuma sortzen;

https://www.youtube.com/watch?v=b9zFk1lPuMk