lunes, 6 de abril de 2015

Heriotzaren trataera hezkuntzan


Heriotza eta dolua giza banako orok ezinbestez, inolako salbuespenik gabe, bizi behar dituen egoera muturrekoenak direla agerikoa bada ere, paradoxikoki, gaur egungo gizartean tabua den kontzeptu bilakatu dira. Gizarteak desnaturalizatu egin du heriotza eta berau ezkutatzeko joera hartu, honen adibide, historian garaikidean zehar doluari aurre egiteko mekanismo eta errito asko galdu izana. Guzti hau arazo emozional ugariren jatorria da, batez ere beren buruaren eraikitze prozesuan dauden gazteen adinean. Dolua ez bada behar bezala garatzen, amaigabeko ukazio batera igarotzen dira eta sindrome klinikoak garatu daitezke denborarekin.

Jarraian, Euskadi Irratian eginiko elkarrizketa baten pasartea, heriotzaren lanketak hezkuntzan duen garrantzia barnebiltzen duena. Heriotzaren trataeraren garrantzia

Beste baliabide gisa, jarraian Idoia Sara psikopedagogoari eta ‘Heriotzaren Trataera Eskolan' tesiaren egileari eginiko elkarrizketa: "Gizartean heriotzari buruzko hausnarketa kolektiboa bultzatzea da nire lanaren helburua"

Galera kontzeptuaz ari garenean, estimatzen genuen zerbait galtzeaz ari gara. Honek, norbanako baten faktore arrazional, emozional, espiritual eta soziokulturalen arabera prozesu edota ibilbide ezberdina izaten du. Galera baten aurrean gaudenean beraz, dolua nahitaez  ematen den prozesu multzo bat da eta berebiziko garrantzia du berau era osasungarri batean garatzeak. Zailtasunek, galera hori ez gainditzea edota dolu egoera enkistatzea ekar ditzakete.

Hori ekiditeko, gure proposamena heriotza eta doluaren gaineko lanketa prebentibo bat garatzea litzateke. Ikasleek hunkiberatasuna eta sortzen zaizkien emozio andana kudeatzeko behar dituzten baliabide eta tresnak garatzea hain zuzen ere. Horrela, gaiaren gainean duten jarrera aldatzea litzateke helburua:

“Sufrimenduaren aurrean, oro har galeraren eta bereziki heriotzaren aurrean, jarrera aldaketa bat sustatzea” (Hik Hasi)

Horrela, ikasleei informazioa eta ezagutza eskainiz, heriotza eta beronek ekartzen dituen ondorioak era natural eta sakonagoan ulertzea litzateke, horrela bertan sortzen diren emozio, sentimendu eta erreakzioak hobeto ulertu eta era egoki batean garatzeko gai izan daitezen.

Heriotzaren gainean hausnarketa hauek sustatzeko unean, ikastetxea gune oso aproposa litzatekeela uste dugu. Izan ere, adin eta garapen emozional bertsuko norbanakoak esperientzia honetan elkar elikatu eta babestu baitaitezke. Lanketa hau, Haur Hezkuntzatik bertatik garatzen hastea gomendagarria da, baina guk irakasle bezala nahiz eta Bigarren Hezkuntzan lan egin, honek ez du esan nahi lanketa hau burutu behar ez dugunik. Horrela, GGZZ arloan, irakasgai guztietan inplementatu daiteke proiektu hau, batzuetan zeharkako lanketa egingo da, bertako helburua heriotza kontzeptu gisa presente izan dezaten ikasleek eta ezagutza arlo ezberdinetan nola garatzen den gai hau edo zer nolako espresio motak dauden ikus dezaten. Beste batzuetan, zuzenean garatuko den gai bat izango da, heriotza kontzeptu bezala landuko delarik.

Horrela, intentsitate maila baxuko ekintza plan bat diseinatzea dela egokiena deritzogu, kurtso osoan zehar banatuko dena. Honela, heriotzaren inguruko lanketa kurtsoaren dinamikaren baitan txertatu daiteke beronen jardun normala oztopatu gabe. Horretaz gain, argi dago konplexu batez ari garela hitz egiten eta beraz helburua gaia lantzea da bai, baina ikasleak saturatu edota ito gabe.

Hala ere, GGZZ departamentuak oso arlo zabal bat biltzen du, ekonomiatik hasita filosofiaraino. Hori dela eta, heriotza bezalako lanketa mila era edota forma izan ditzake. Garrantzitsuena, irakasgaiaren dinamikan ongi txertatua egotea eta koherentzia baten baitan eraikia egotea da, horrela ikasleek era natural batean garatzeko aukera izango baitute. Jarraian, gure departamentuko bi irakasgaitan egin litekeen lanketa posiblearen bi eredu plazaratzen ditugu.


HISTORIA
Norbere herriko historia edota Euskal Herriarena aztertzen hari garen heinean, milaka aukera izango ditugu heriotzaren inguruko lanketak egiteko, izan ere gizakiaren historia eta kulturak lotura estua izan du heriotzarekin.Horrela, artearen historia, arkitektura edota kultura ezberdinen usadioak aztertuz, heriotzaren normalkuntza.



Hala nola, Historiaurrearen kasuan, megalitismoa bezalako gai bat landu dezakete. Aipagarria da, eraikuntza hauek, ehorzketa-leku edota hileta errituetarako erabiltzen zirela gehienbat. Ekintza honen helburua, ikasleek historiaurrearen pasarte esanguratsuenetako bat aztertuz, heriotzaren gaineko hausnarketa bat burutzea da. Horrela, betidanik existitu den prozesu natural bat bezala ulertzera bidean pauso batzuk emateko. Horretaz gain, gure herriaren historiaz eta kulturaz hausnarketak garatzea lortzen dugu.

Lanketa dinamikoagoa egiteko, historiaurreko aztarnategi ezberdinetara egin dezakete bisita, bertatik bertara ikusi ditzaten megalitoak. Horretarako, bisita gidatu eta ibilaldi ugari ditugu eskura, hementxe adibide batzuk:  




ETIKA
Irakasgai honetarako proposamena heriotzaren gaiaren lanketa baino haratago doa, baina oinarrian oso dago lotuta, kurtso guztian zehar norbanakoen barnetasuna lantzeko txoko espiritual bat sortzea baita helburua. Bertan, ez da heriotzaren gaia zuzenean landuko, baina bai sentimendu eta emozioen identifikazio eta kudeaketa. Oinarrizko tresna da hau dolu prozesu bat behar bezala garatzeko.

Barnetasunaren heziketarekin ikasleek, pertsona bezala dituzten dimentsio ezberdinen arteko oreka bilatu nahi da, dimentsio horiek lotuz heziketa integrala sustatzeko; gorputza, pentsamenduak, sentimenduak, sinesmenak eta emozioak. Pertsonak hobeto elkartu nahi dira eta bizitzen dugunari zentzua aurkitzeko bultzada bat eman. Zehazki, hori garatzeko behar dituen tresnak ematea eta pertsonaren barne baldintzak eragitea nahi da, kontuan harturik gure barne dimentsioa guztiz interkonektaturik dagoela kanpotasunarekin.

Lehenengoan sinesmenak, balioak, idealak, kontzientzia, sentimenduak...esperientzia bihurtzen dira, eta hor eraikitzen du pertsona bakoitzak bere bizitzaren zentzua. Bi dimentsioak integratzeko prozesuak nortasun pertsonala eratzen du.

Helburu zehatzak:  
  • Sentimendu eta emozioak identifikatu eta kudeatzea.
  • Bizipenetan oinarritutako heziketa izatea.
  • Barneko munduaren kontzientzia hartzea sustatzea.
  • Pertsonen barneratzeko gaitasuna garatzea.
  • Norbere gorputzaren kontzientzia hartzea.
  • Auto-ezagutza garatzea.
  • Pertsonaren dimentsioak bateratzea.
  • Norbere buruarenganako eta besteenganako maitasuna zaintzea.
  • Ikasleei barruan duten potentzialtasuna ateratzeko bideak eskaintzea.
  • Orainaren kontzientzia indartzea.
  • Transzendentzia aldera zabalik egoteko jarrera sustatzea. 

Ikasleekin jarraian aipatzen diren aspektu eta tresna zehatzak landuz iritsi daiteke goiko helburu horiek betetzera: gelditasuna lantzeko ariketak, isiltasunaren garrantziaz jabetzeko ariketak, arnasketaren gaineko kontrola hartzeko ariketak, arreta fokatzeko eta mantentzeko gaitasuna lantzeko ariketak, irudikapen mentala lantzeko jarduerak, hausnarketarako joera sustatzeko gogoetak eta meditazio teknikak ikasteko saioak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario