lunes, 30 de marzo de 2015

KULTURANIZTASUNA


 "El tren de la memoria



NOR NAIZ? NONGOA NAIZ?

Dokumentalean agertu diren migratzaile guztiek beraien jatorria non dagoen jakin arren galdera horiek norbere "identitatearen gabezia” nabarmena islatzen dutela pentsatzen dut. Herri nortasuna zalantzan jarri eta migratzaile identitateari heldu diotela uste dut, "nomada identitatea”.

"La generación de los cuerpos partidos” moduan ezagutu izan dira garai haietako Alemaniara joandako migratzaile gazteak. Gorputza Alemanian eta burua Espainian zutela bizi ziren. Egoera hau aintzat harturik ez nau batere harritzen norbere identitatearen gainean zalantzak sortzea, identitate ukatu batzuekin bizi behar izatea eta migratzaile identitatea bere egin behar izatea.

Bestalde, dokumentalean emakume batek aipatzen duen "ley humana”k ere atentzio berezia eman dit. Garaiko antolakuntza kolektiboetan parte hartzeko arrazoia zela zioen berak. Eta gaur, gure herrietan bizi diren migratzaileei giza lege ikuspegi horretatik begiratzen al diegu? Ez al dugu bestelako etiketa bereizgarriekin "giza” izate hori estaltzen? Ez al dugu gure arteko ezberdintasun horiek azpimarratu nahi izaten oinarrizko berdintasuna aintzat hartu beharrean?

Mundu mailako merkatu bat eraikitzen gabiltzan bitartean, erabiltzen ditugun produktu guztiak inolako harresirik gabe bidaiatzen duten bitartean, ikaragarrizko mugak ari gara sortzen hiritarrentzako. Nortasun nazionala "absolutu” bilakatzen ari gara eta, hori, areagotu egiten da krisi garaietan. Hiritarren artean mailaketak eta pertsona ilegalak sortzen ditugu. Ez al da kontraesan bat?

Migrazioaren ondorioz milaka pertsonek bizi duten egoera latzak geure parte moduan ulertu behar ditugula pentsatzen dut. Migrazioak sortzen duen zapalketa, segregazio, umilazio, bazterketa... guztiak ez dira herri edo pertsona migratzaileen arazo. Gizaki garen heinean giza arazo dira eta, beraz, guztiok erantzukizuna izan behar dugu oztopo guzti horiek gainditzeko.

Errealitate honen aurrean hezkuntza zeregin handia duela uste dut. Hainbatetan azpimarratu izan den eta dugu bezala, hezkuntza tranformazio sozialerako giltzarria da. Ekin diezaigun bada arazo global honi alternatiba lokala ematen gizarte osoaren eraldaketari bide emateko! 



HEZKIDETZA IKASTXEETAN




XXI. mendeko ikastetxeek aniztasuna modu parekidean kudeatzea helburu izan behar dute. Ikastetxeko pentsamendu, ohitura, balio, identitate… ezberdinak kontuan izanik pertsonak elkarren artean errespetuz eta elkarlanez harremantzea izan behar du meta. Ikastetxeak inguratzen duen gizarte, kultura eta ekonomia kontuan izanik hezkuntza plan integrala gauzatu eta eskaini behar da. Elkartasuna, beraz, ezinbesteko baldintza da komunitate zabalean ekiteko.
Inguratzen gaituen gizartea aintzat hartuta ohartzen gara helburuak gauzatzea ez dela batere erraza. Izan ere, gizarteko sistema guztia zapalkuntzan, mailaketan, diskriminazioan oinarritzen dira. Genero zapalkuntzak, herrialde ezberdinen arteko mailaketak eta, beraz, pertsonen arteko diskriminazioak ezaugarritzen dute gaurko gizartea. Hala ere, oztopo guztiak mahai gainean ezarrita ezinbestekotzat jotzen dugu gure komunitate txikitik hasita jendartearen eraldaketarako apustu bat egitea.
Norberaren banakotasun, berezitasunaren arabera, izaera desberdinak onartuz, genero-sexu sistematik at egiten den pertsonen hezkuntza eskaintzea ezinbesteko da. Irizpide sexistek, homofoboek, arrazistek, klasistek…  barnebiltzen dituzten, gizon eta emakumeei egokitutako rol, balore, portaerak transmititu gabe heztea izan behar du erronka. Pertsona autonomoak izateko, gure bizitza proiektuen jabe izateko, hurbileko inguruarekin elkarbizitzan, behar ditugun gaitasunak garatzea ahalbidetzeko helburuekin. Hezkidetza kontzientea den prozesu hezitzailea izan behar du eta neska eta mutilen arteko aukera berdintasunean oinarritzen da, pertsonen garapen integrala lortu nahian.
Egun gure herrian, eremu desberdinetan ematen diren eskubide urraketak identifikatu eta pixkanaka gaindituko dituzten pertsona autonomoak eta osoak heztea da helburua. Urratsez -urrats anitzagoa, parekideagoa eta osasuntsuagoa izango den herria eraiki nahi dugu. Ikuspegi honetatik, edonolako eskubide urraketen gainean eta sakoneko eraldaketa posible izateko lanean ari diren Euskal Herriko eragile anitzekin elkarlana eta lankidetza behar beharrezko direla deritzogu. 



domingo, 29 de marzo de 2015

Ikerketa Hezkuntzan - Irakasle Ikertzailea

Ikerketa hezkuntzan

XXI. mendeko hezkuntzaren ardatz nagusienetako bat irakaslearen etengabeko hausnarketa eta izaera kritikoa sustatzean datza. Irakaslearen jarduna etengabe berraztertzeko beharra dago, bere lana burutzen duen errealitatera moldatu eta honi ahalik eta era eraginkorrean erantzuteko. Jarraian ikusgai dagoen bideoak era argigarri batean azaltzen du ideia hauek.





Baina irakasleak bere burua eta jarduna aztertu eta hobetu behar duela esatea ongi dago, baina nola egin hau? Zein bidetatik? Aditu eta ikertzaile ugari saiatu dira galdera, baina guk arlo honetan, praktika gogoetatsua deritzona defendatzen dugu.

Praktika gogoetatsua

Izenburuak dioen bezala, jarraian datozen lerroak, praktika-gogoetatsuaz arituko dira. Baina zer da eta zertarako? Irakasle ikertzailearen lanerako ardatz nagusia praktika gogoetatsua deritzona da. Bere egunerokotasuna finkatuko duen oinarria izan behar delarik.
Jardun honen helburua, irakasleak euren eguneroko jarduna era kritiko batean aztertuz (ekintzen ikerketa), beraien ekina hobetuko dituzten berrikuntzak txertatzea da irakaskuntza prozesuan. Horretarako, irakasleak ikerlari funtzioa izan behar du, hots, bere praktika guztia aztertu behar du eta bertan aurkitzen dituen akats edota gabeziei erantzun. Hau da, helburua ikasiz ikastea litzateke. Ondorioz, irakasleak ikerlari bilakatuko dira, beraien eguneroko jardunean.
Hau guztia aurrera eramateko, beharrezkoa da ikerkuntza prozesua edota praktika-gogoetatsua bideratuko duen metodologia bat garatzea. Baina lehenik eta behin, beharrezkoa da metodologia horrek izan behar dituen helburuak zehaztea. Metodologia hau, gai izan behar da prozesua burutzen ari den pertsonak konpetentzia berriak barneratzeko, bere aurreko jakituria eta praktikan oinarritzen direnak. Baina hauek ez dira bakarka garatu beharrekoak, baizik eta ikastetxeko kideon arteko interakzio sozialak  garatuko dituen jakituriak dira, azken finean prozesu hau praktika kolaboratibo bat izan behar delako. Denon arteko ikerketa eta jakiturien interakzioaren ondorioak aberatsagoak izango dira eta konpetentzia.
Ez da ahaztu behar ere, prozesu guzti hau ziklikoa dela, hau da, ez duela amaierarik. Beraz, praktika hau gure pedagogo bilakaera guztian garatu beharreko zerbait izan beharko litzateke. Praktika gogoetatsuaren azalpen labur honen ostean, jarraitu beharreko metodologia azalduko dugu.
Horretarako hainbat teknika ezberdin daude, baina hemen azalduko dena ALACT deiturikoa da, ingelesezko akronimoa, Ekin (action) - Egindakoa aztertu (looking back to the action) – Kontzientziatu (awareness of essential aspects) – Ekintza alternatiboak eraiki (creating alternative methods of action) – Entseatu (trial) pausoetarako. Prozesu guzti hau, praktikaren obserbazioan oinarritzen da. 
Korthagenek (2001) garatutako teknika hau, bost pausotan banatzen da, eta ikerketa hau burutzeko behar ditugun datuak jasotzeko erabili ahal diren tresnak ugariak dira (klaseak grabatzea, egunerokoak…), baina hemen erabiliko dena egunerokoa izango da, irakasleak, klasean ematen dena idatziko du, bere jardun praktikoaren nondik norakoak islatzeko helburuarekin.
Nahiz eta bost pauso diren zehaztu dugun, 0 pauso bat ere txertatu dugu, prozesua garatu ahal izateko egoera bat sortzea helburu izango duena.
                       



0.       AURRELANKETA
Praktika-gogoetatsua hasi aurretik, beharrezkoa da lehenik eta behin irakasleari oinarri teoriko eta praktiko batzuk eskaintzea bere burua eta bere kideena aztertu ahal izateko, beraien garapen profesionalaren ikuspuntutik. Gogoeta egiteko eta ikerketa-praktikak burutzeko instrumentuak ere bereganatu behar dituzte, hauek denak beraien arteko kolaborazioaren ikuspuntutik garatu beharko dituztenak.
Baina, hau guztia ezin da garatu irakasleak berak aldaketaren beharra sentitzen ez badu, eta ikerketa bere lan egiteko modua hobetzeko tresna gisa ulertzen ez badu, beraz ikuspuntu hau argi duela ziurtatu behar da.

1.       EKIN
Prozesuaren abiapuntua da. Pertsonaren esperientzia eta ekintzak dira, era intuitibo eta inkontzientean burutzen dituenak.

2.       AZTERTU
Egindakoaren gainean ezartzen da helburua atentzioa, kontzientziazio prozesu bati hasiera emanez.
Praktika-gogoetatsua garatzeko, fase honetan irakasleak, eguneroko edota noten koaderno bat erabiliko du. Bertan, irakasleak klasean egindakoaren gaineko gogoeta edota hausnarketa bat burutu beharko du, berau, klase bakoitzaren ostean egitea komeniko litzateke edota denbora tarte laburretan (pare bat aldiz astean).
Honen helburua, bere jardueran ematen diren une edota gertaera nagusiak plasmatu beharko dira. Hauek bi eratakoak izan daitezke, irakaskuntzarekin zerikusia dutenak (ikasgaiaren gaineko metodologia egokia bai/ez, kontzeptuen barneratzea), edo ikasle zein irakaslearekin erlazioa dutenak, hau da norbanakoaren edo kolektiboaren arlo psikologiko edo sozialarekin erlazioa dutenak (jarrerak…)

3.       KONTZIENTZIATU
             Atzera botatako begiradaren ostean, pertsonak bere praktikan burutu behar dituen                              aldaketez ohartzen hastea da fase honen xedea.
             Horretarako, egunerokoa hartu eta atzera bota behar du begirada, horrela, bere                                    bilakaeraren prozesua ikusi ahal izango duelarik. Sumatuko du, arazo edo gatazka batzuk                      behin da berriz agertzen direla, eta horien jatorri eta zergatiez ohartzen hasiko da. Fase                        honetan eta datorrenean (Alternatibak erakin), irakasleek oinarri teoriko eta kontzeptualak                barneratu beharko dituzte, bai arazoak era egoki batean identifikatzeko, baita beraien                          alternatibak oinarri bat izan dezaten.

4.       ALTERNATIBAK ERAIKI
Behin bere praktikan aldatu behar dituen alorrak argi dituela, era kontziente batean fazeta horiei alternatibak aurkitu eta metodo berriak eraikitzen dira.
Horretarako, nahiz eta irakasleak norbanako bezala burutu dezakeen hau, praktika kolaboratiboa lehenestea litzateke egokiena. Gogoeta eta alternatibak, norberak burututakoak baino aberatsagoak izango baitira beste kideekin elkarganatu ezkero.
Guzti hau egiteko, irakasleak elkar batu eta hausnartu behar dute. Prozesu honetan, irakasle bakoitzak ondorioztatu dituzten kontzeptuak plazaratuko dituzte eta denen arteko elkarlanaren bitartez, aterabideak aurkitzeari ekingo diote.
Prozesu honek gune ezberdinak izan ditzake:
·      Materia bereko irakasleak:  maiztasun nahiko handia izan beharko lukete (hilabetean behin), beraien helburua, materia garatzeko egiten diren praktikak egokia izatea litzateke.
·    Kurtsoko irakasleak: kurtsoaren bilakaera egokiaz arduratzea da helburua. Horretarako, kurtsoen faseen arabera biltzea komeniko zen (hiruhilabetero, lauhilabetero)
·   Ikastetxeko irakasleak: Ikastetxean, praktika era egokian ematen dela eta berau ikuspuntu gogoetatsu batetik garatzen dela arduratu behar dira. Horretarako kurtsoan behin batu.

5.       ENTSEATU / EKIN
             Azken pausoa litzateke eta era berean lehenengoa ere, behin zikloa amaituta, ziklo berri bati              hasiera emango baitzitzaion, metodo berriak aztertu eta ebaluatzeari ekingo baitzaio.
Egoera ideal batean, egokiena Praktika Gogoetatsu bat egitea litzateke, Schonek adierazi zuen bezala. Izan ere, ikasketa prozesua, praktika simulatzen duten proiektuak gauzatzean oinarritzen baita, tutore eta kideen arteko interakzioan.


Berrikuntza Proiektua: Osasuna eta ingurugiroa


Ingurugiroarekiko eta norberarekiko ohitura desegokien zuzenketan kontzientzia hartzea


Gizarteak, bizitzen ari den transformazio-prozesuan zehar hainbat arazorekin topo egin du, besteak beste…

      Ekonomiaren garapenak bultzatutako kontsumismoa eta honen ondoriozko ingurumenaren kutsadura.
      Teknologia berriek aisialdiaz gozatzeko ekarri dituzten ohitura berriak, sedentarismoa eta obesitatea bultzatuz.
      Euskal kulturan “ohikoa” den alkoholaren kontsumoa, gazte gehiagoren artean droga honen kontsumoa bideratuz.

Gatazka hauei aurre egiteko jomugaz,  berrikuntza proiektu bat proposatzen dugu. Honela, ikasturtean zehar, arestian azaldutako arazoak ardatz bezala harturik, hainbat ekintza burutuko dira ikastolako partaide diren guztiekin (ikasle, irakasle, guraso…). 

  HELBURUAK.

Helburu nagusia ikasleen ingurugiroarekiko eta norberarekiko ohitura desegokiak zuzentzea eta ideia hauetan kontzientzia hartu araztea da. Bereziki puntu edo helburu hauetan sakonduko da proiektua:

·       Planetaren egungo egoera dela eta, gazteak kontzientziatu eta motibatu nahi ditugu inguru-giroaren alde jokatu dezaten. Bizi garen gizarte kontsumista honetan egunero hainbat eta hainbat zabor tona sortzen ditugu. Arazoa larria da eta zenbateko zabor hori gutxitzea euren erantzukizuna da. Hortaz, murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea ezinbestekoa dela ulertu behar dute, guztion etorkizuna haien eskuetan dago eta.

·       Bizimodu aktiboa sustatu nahi dugu. Ikasleak euren egunerokoan ariketa fisikoa burutzeak duen garrantziaz kontzientzia hartu. Heziketaren parte izan behar du kirolak ere, gorputzaren hazkuntza prozesuan norberak bere gorputza kontzienteki mugitzen jakin dezan. Kontzientziazio prozesu honetan ezinbestekoa da gurasoen parte hartzea.

·       Alkohola eta orokorrean droga kontsumitzeak sor ditzakeen arriskuen berri eman nahi diegu gazteei, beraien kontzientzia piztu eta osasuna hobetzeko asmoz. Adingabeek alkohola kontsumitzeak berehalako ondorioak izan ditzake, eta gainera, larriak, baita ondorio kaltegarriak ere epe luzean, hala nola alkoholarekiko adikzio kronikoa. Nerabeen garuna bereziki ahula da alkoholaren ondorioen aurrean. Azken urte hauetan, azterlan zientifiko askok egiaztatu dute lotuta daudela nerabeen alkohol kontsumoa eta kalte zerebrala. Beraz, egoera honen aurrean, gazteekin gai hau sakonki lantzea ezinbestekotzat hartzen dugu.


JARDUERAK POSIBLEAK


Bigarren eskuko merkatua.

Helburua: Erabiltzen ez diren gauzei bigarren aukera bat ematea, eta horrela kontsumismoaren murrizketan laguntzea

Materiala birziklatzeko tailerra.

Helburua: Zabor bihurtuko materialei erabilera ezberdina ematea.

Ginkana.

Helburua: Ikasleak kirola egitea osasuntsu egoteko eta aldi berean naturaren aldeko ekintzak aurrera eramatea.



Eskola kirolari buruzko hitzaldia.

Helburua: Gaztetatik kirola egiteak ekartzen dituen onurez kontzientzia hartzea.


Ikastetxeen arteko Olimpiada.

Helburua: Kirola sustatuz, taldelana, elkarrezagutza eta osasuna landu nahi dira.


Aldarrikapendun kamiseten egunak.


Helburua: Ingurugiroarekiko eta norberarekiko ohitura txarrez kontu hartzea. 




Drogen kontsumoaren inguruko hitzaldiak. 

Helburua: Esku-hartze hauen helburua gazteak droga kontsumoarekin lotutako arriskuez jabetzea, kontsumo horrek eragin ditzakeen kalteei eta arriskuei buruzko informazioa izatea eta autozaintzako jokabideak indartzea da, droga kontsumitzea erabakitzen badute

Irakasleen prestakuntza iraunkorra alkoholaren prebentzioaren inguruan.


Helburua: Irakasleen prestakuntza honen helburua ikastetxeko irakasle eta orientatzaileentzako formazioa eskaintzea da, ikasleentzako programak era egokian gauzatzeko, baita eguneroko gatazka eta egoerak modu hezgarri eta positiboan aurrera eramateko.







sábado, 28 de marzo de 2015

XXI. MENDEKO IRAKASLEA





 XXI. MENDEKO IRAKASLEA

Hezkuntza gizarte batean aurkitzen dugun tresna baliotsuenetako bat da. Gizartea eraldatzeko tresna beharrezkoena eta eraginkorrena da berau. Bere potentziala aintzat harturik gaur gure ikastetxeetan aurkitzen ditugun erronka nagusiez arituko gara jarraian. Hezkuntza eskubidearen bermea, curriculum malguen beharra, inklusioa, ikasketa prozesua eta irakasleen betebeharrez arituko gara.

HEZKUNTZA ESKUBIDEA

Denboran zehar bilakaera nabarmena eman du hezkuntzak eta baita berari hertsiki loturik aurkitzen ditugun beste hainbat alorrek ere. Gizarteko eremu oro bezala garaian garaiko pentsamendu eta ideiei egokitzen joan izan da hezkuntzaren esparrua, pribilejio moduan hautematetik eskubide izatera pasa da eskola eremuko hezkuntza.
Herri bateko pertsona guztiek, pertsona izate hutsagatik, eskubide zibil, politiko eta sozialen jabe dela ulertzen da gaur egun zenbait dokumentu idatzietan bai eta hainbat diskurtso politikotan. Hala ere, errealitateak erakusten digu herritar guztiek eskubide horietaz gozatu dezaten dokumentu eta diskurtsoez gain baldintza material konkretuak beharrezko dituztela. Askotan ulertu izan da haur eta gazteak hezkuntza zentroetara joateko aukera bermatua izate hutsagatik hezkuntza eskubideaz gozatzeko baldintzak asebeteak zirela.
Hezkuntzaren esparruko alor ezberdinetan lanean aritu izan diren profesionalek, berriz, azpimarratu dute hezkuntza eskubidearen eremua ikastetxeetara joateko aukeraz haratago ulertu behar dela. Pertsona orok bere garapen pertsonal, kognitibo, emozional… behar bezala garatu ditzan ezinbesteko da ikastetxeetara joateko aukeraz gain ikaste prozesu guztian zehar izango dituen baldintzak aztertu eta horien berme zuzena ahalbidetzea.
Ikaste prozesua integrala izan dadin beharrezko izango da pertsona bakoitzaren garapena modu autonomoan landu eta aztertzea. Herritar orok dituen baldintzak, testuingurua, ezaugarriak… aztertu beharra dago eta horien araberako hezkuntza proposamen integral bat ahalbideratu behar da. Modu honetan, eta soilik honetan, bermatu ahal izango dugu herritar ororen hezkuntza eskubidea.
Ulertu behar dugu pertsona bakoitzaren bizi baldintzak eta garapena oso ezberdinak direla, pertsonen izatea oso anitza dela eta, beraz, guztiek hezkuntza eskubidea bermatu izan dezaten prozesua modu ezberdinetan eta denbora ezberdinetan planteatzea ezinbesteko izango dela.
Hezkuntza eskubidearen bermea ez da soilik norbere garapen pertsonala bermatzeko baldintza soilik. Eskubide honek herritarren garapena bermatzeaz gain herri eta gizartearen garapenerako ezinbesteko baldintza dugu. Hezkuntzaren bitartez nahi eta behar bezalako herritarrak heziko ditugu. Herri baten hazkuntza honek beronen gainean izango duen inplikazio mailaren arabera emango da eta, arrazoi hori medio, esparru horretan apustu garbi bat egitea ezinbesteko izango dugu.

CURRICULUMA

Orain artean pertsona bakoitzak duen hezkuntza eskubideaz eta honek herri bateri ematen dion aberastasunaz mintzo gara. Esandako guzti hori garatzea posible izan dadin ezinbesteko izango da Curriculumaren esparruko azterketa eta eraldaketak ere planteatzea.
Curriculumak herrian herriko errealitateari erantzun beharko dio. Honen historia, testuingurua, baldintzak, balioak … aintzat harturik diseinu orokor bat egin beharko da. Baina orokortasun hori ikasle bakoitzaren errealitate, baldintza eta ezaugarrietara moldatzea ere ezinbesteko izango da norbanakoaren behar bakoitzari erantzunez hezkuntza eskubidea gauzatua izan dadin.
Jakin badakigu pertsona bakoitzak dituen gaitasunak eta beharrak oso ezberdinak direla. Hezkuntzak, azpimarratzen gatozen bezala, norbere beharrei erantzun beharko die hezkuntza eskubideaz pertsona orok goza dezan. Hori dela eta Curriculuma ezin izango da bat eta bakarra izan, norbanako bakoitzaren prozesuari egokitu beharko zaio. Modu honetan, helburuak guztientzako berdinak izanik ere bakoitzak garatuko duen prozesua oso bestelakoa izango da bai erabiliko den metodologian, bai denboretan, bai baliabideetan, bai espazioetan ere. Curriculumaren planteamendu hau gauzatu ahal izateko, baina, ezinbesteko izango da hezkuntza komunitateko kide eta instituzio guztien inplikazio eta elkarlan sendoa. Curriculumaren egokitzapenak hainbat alorretan eraldaketak egitea inplikatzen du. Honela, eskolak integratzaile izatetik inklusibo izatera pasa beharko dira, metodologian berrikuntzak eta egokitzapenak egin beharko dira etengabe, elkarlan indartsua bermatu beharko da hezkuntza komunitate guztiaren aldetik, hezkuntza alorreko profesionalek erronka berriei erantzun beharko die eta, beraz, etengabeko formakuntzan jardungo dute, hezkuntza legediak baldintza guzti hauek gauzatzea ahalbidetu beharko du …

ESKOLA INKLUSIBOA

Curriculum orokorraren egokitzapenak ikasle bakoitzaren beharrei erreparatzea ekarriko du eta, modu horretan, ikasleen artean aurkitzen ditugun ezberdintasun anitzak azaleratuko dira. Aniztasun horiek eremu askotan antzemango ditugu: eguneroko bizi baldintzetan, gaitasunetan, beharretan, izaeran …
Aniztasuna, orain artean, oztopo moduan ulertu izan da. Gehiengoaren patroietatik at zeuden pertsona guztiak seinalatu, etiketatu eta baztertu egin izan dira orain artean. Ikuspegi hau, pertsona eta herri bezala, ezinbestez aldatu behar dugu. Aniztasuna aberastasun iturri moduan ulertu behar dugu.
Pertsona guztiok gara gure artean ezberdin. Ez dugu aurkituko inor bata bestearen berdina denik. Aniztasun horri aurre eginez gure errealitatea moldatu behar dugu, baita gure eskolak ere. Aniztasuna aberastasuna izanik gure gelak heterogeneoak izatea bultzatu eta aniztasun hori ezagutza lortzeko bitarteko moduan ulertu behar dugu, horretarako norbere berezitasunen aitortza egin beharko da.
Aniztasunaren ikuspegi zabal hori gure ikasgeletara eraman behar dugu baina inklusio prozesu hori emateko behar beharrezkoa izango dugu komunitate sentimendua izatea eta bertan elkarbizitza osasuntsu bat gauzatzea. Hala ere, inklusioa bizi estilo moduan aplikatu ahal izateko gizarteko eremu anitz ditugu oraindik eraldatzeko: kultura, politika …eta milaka dira eskola eremuan ere gestionatu beharreko alorrak: curriculuma, metodologiak, ebaluazio sistema …
Hezkuntza eskubidea bermatua izateko pertsona guztiak beraien ikasgeletan eta herrian onartuak izan behar dira, bestela beraien ikasketa prozesurako eta, beraz, hezkuntza eskubidea bermatua izateko ezinbesteko baldintzak urratuak izango ditu. Ikasketa prozesuan ikasle bakoitzaren behar eta gaitasunak antzemanez curriculuma egokitu egin beharko da.
Curriculum malgu bat osatu behar da baina horretarako beharrezko izango du ikastetxean malgutasun batez gozatzea. Hori dela eta Euskal Herrian bizi dugun egoera zentralizatzailea gainditu beharra dugu. Curriculum malguak ikastetxetako autonomia garatzea ekartzen du. Izan ere, ikastetxeek beraien ikasleetan jarri beharko dute fokua, egunean bizi duten errealitate zehatzari egin beharko diote aurre. Modu honetan ordutegi aldaketak, espazio anitzak, elkarlana, baliabideak… moldatzen joan beharko dira. Aurrera pausu hori ematea ezinbesteko baldintza izango da inklusioa eskoletan bermatzeko.
Eskoletan orain arteko garapena egitea bermatzen baldin bada, gu bizi garen errealitatea, gizartea inklusioaren bidean eraldatzera ere bultzatuko dugu. Aurreko ataletan azaldu dugun bezala hezkuntzak gizarteko herritarrak eraikitzen ditu eta, beraz, hezkuntza balore, ideia aldaketak ematen baldin badira ezinbestez gizartea berau eraldatuko dugu. Inklusioaren bitartez, beraz, elkarlana, aniztasuna, errespetua, autonomia … baloratuak eta indartuak izango diren gizarte bat eraikitzeko bultza bat egingo dugu.

IKASLEEN BEHARRAK HEZKUNTZA FOKU

Hezkuntza eskubidearen subjektu ikasleak dira eta, beraz, hezkuntzak ikasle horien gainean ezarri behar du fokua. Ikasle guztien aniztasuna erreparatuz curriculum malguak sortuz inklusioa ahalbideratzea izango da ikastetxeek gaur izango duten erronka nagusietako bat.
Ikastea bizi guztiko prozesu bat moduan ulertu behar dugu eta prozesu horrek ibilbide ezberdin asko izan ditzake. Ikasleen testuinguruaren eta beharren arabera prozesua modu ezberdinetan diseinatu beharko da.
Ikasketen helburua ez da soilik edukiak ezagutzea, hots, adimen kognitiboa garatzea. Hezkuntza prozesuaren bitartez ahalik eta garapen integralena lortu behar dugu eta, beraz, pertsonarteko adimena, hizkuntza adimena, adimen logiko matematikoa, adimen espaziala, adimen musikala, zinetiko-korporala, naturalistikoa eta kognitiboa landu beharko dira.
Gaitasun guzti horietan aurrera pausuak izateko elkarren arteko kolaborazioan lan egiten ikasi beharko dute ikasleek, lan autonomoan trebatu beharko dute, sormena landu beharko dute, kritikotasuna garatu beharko dute … Hots, eskolak herritar arduratsu eta askeak garatu beharko ditu, komunitatearekiko ardura eta konpromisoa erakusten dutenak, parte hartze aktiboa gauzatu dutenak.
Ikasle, pertsona bakoitzak erraztasun eta zailtasunak eremu ezberdinetan aurkituko ditu prozesuan zehar eta, arrazoi horregatik, pertsonalizatua izango duen hezkuntza bat jasotzea ezinbesteko izango da berau ikasle bakoitzarentzako ahalik eta aberatsena izan dadin.

IRAKASLEA

Hezkuntza eskubidearen bermea gauzatzeko, curriculum malguak sortzeko, inklusioa gauzatzeko, ikasleen prozesu integrala bermatzeko… gizarteko alor ezberdinetako profesionalen inplikazioa eta hezkuntza komunitateko kidego guztiaren elkarlana beharrezkoa izango bada ere irakasleak betetzen duen papera oinarrizkoa izango da.
Ikaslearen gaitasun eta beharretan fokua ezarriz bere egin beharra horien ikasketa prozesua bermatzea izango da. Horretarako etengabe formatzen jardun beharko du metodologia berrietan, teknologia berrien erabilpenean … baina horretaz gain ikuspegi inklusiboa eta balore zehatz batzuk izatea ere garrantzizko izango ditu.
Irakasleak lan egingo duen ikasleen egoera ulertzeko eta egoera ezberdinak ahalik eta hobekien kudeatzeko ezinbestez adimen emozionala landu beharko du. Ikasleak asertibitate osoz tratatu eta beraien aukeraketetan bidelagun izan beharko du.
Irakasleak elkarlanari garrantzia handia eman beharko dio eta kooperazio lanetan jarduten erakutsi beharko die ikasleei eta modu horretan lan egitearen garrantzia azpimarratu beharko du.
Kooperazio horretan bakoitzaren ezaugarri ezberdinak errespetatzen erakutsi beharko du irakasleak eta horretarako ezinbesteko izango du norbanako bakoitzaren identitate indibidualaren alderdi positiboak azpimarratzea, hau da, identitate positiboak eraiki beharko ditu.
Ikasle bakoitzak bere nortasuna onartua dela sentitzea oso garrantzitsua izango da bere auto-kontzeptua eta auto-estimua garatzeko. Horretarako behar beharrezkoa izango da irakaslegoak ikasleen etiketajerik ez egitea eta bakoitzaren ikasketa prozesua bultzatzea. Izan ere, aurreiritzi ezkorrek ikaragarrizko eragina izaten dute ikaslearen auto-kontzeptuan eta auto-estimuan eta horrek ikaragarrizko eragina izaten du ikasketa prozesu osoan zehar.
Beraz, irakasleak edukiak erakusteko betebeharra izateaz gain ikasle bakoitzak bere garapenean aurkituko dituen eraldaketa (gorputz, adimen, sentipen, akademiko, pertsonal, profesional…) guztiei modu egokienean aurre egiten lagundu eta irakatsi behar dio.
Irakaslearen betebeharra izango da, beraz, ikasle bakoitzaren eta ikasle taldearen ongizatea bermatzea. Horretarako errespetuak oinarritutako giro bat sortu beharko du bere ikasgelan.
Irakasleak ardura oso garrantzitsua du beraz. Irakasleak herritarrak hezten ditu eta herritar horiek arduratsuak, askeak, kritikoak, autonomoak, elkarlana oinarri dutenak, aktiboak … izateko irakasleak ere balore horiek bere bere eginak izan beharko lituzke ondoren ikasleei horiek garatzen laguntzeko.