lunes, 30 de marzo de 2015

KULTURANIZTASUNA


 "El tren de la memoria



NOR NAIZ? NONGOA NAIZ?

Dokumentalean agertu diren migratzaile guztiek beraien jatorria non dagoen jakin arren galdera horiek norbere "identitatearen gabezia” nabarmena islatzen dutela pentsatzen dut. Herri nortasuna zalantzan jarri eta migratzaile identitateari heldu diotela uste dut, "nomada identitatea”.

"La generación de los cuerpos partidos” moduan ezagutu izan dira garai haietako Alemaniara joandako migratzaile gazteak. Gorputza Alemanian eta burua Espainian zutela bizi ziren. Egoera hau aintzat harturik ez nau batere harritzen norbere identitatearen gainean zalantzak sortzea, identitate ukatu batzuekin bizi behar izatea eta migratzaile identitatea bere egin behar izatea.

Bestalde, dokumentalean emakume batek aipatzen duen "ley humana”k ere atentzio berezia eman dit. Garaiko antolakuntza kolektiboetan parte hartzeko arrazoia zela zioen berak. Eta gaur, gure herrietan bizi diren migratzaileei giza lege ikuspegi horretatik begiratzen al diegu? Ez al dugu bestelako etiketa bereizgarriekin "giza” izate hori estaltzen? Ez al dugu gure arteko ezberdintasun horiek azpimarratu nahi izaten oinarrizko berdintasuna aintzat hartu beharrean?

Mundu mailako merkatu bat eraikitzen gabiltzan bitartean, erabiltzen ditugun produktu guztiak inolako harresirik gabe bidaiatzen duten bitartean, ikaragarrizko mugak ari gara sortzen hiritarrentzako. Nortasun nazionala "absolutu” bilakatzen ari gara eta, hori, areagotu egiten da krisi garaietan. Hiritarren artean mailaketak eta pertsona ilegalak sortzen ditugu. Ez al da kontraesan bat?

Migrazioaren ondorioz milaka pertsonek bizi duten egoera latzak geure parte moduan ulertu behar ditugula pentsatzen dut. Migrazioak sortzen duen zapalketa, segregazio, umilazio, bazterketa... guztiak ez dira herri edo pertsona migratzaileen arazo. Gizaki garen heinean giza arazo dira eta, beraz, guztiok erantzukizuna izan behar dugu oztopo guzti horiek gainditzeko.

Errealitate honen aurrean hezkuntza zeregin handia duela uste dut. Hainbatetan azpimarratu izan den eta dugu bezala, hezkuntza tranformazio sozialerako giltzarria da. Ekin diezaigun bada arazo global honi alternatiba lokala ematen gizarte osoaren eraldaketari bide emateko!