XXI. MENDEKO IRAKASLEA
Hezkuntza gizarte
batean aurkitzen dugun tresna baliotsuenetako bat da. Gizartea eraldatzeko
tresna beharrezkoena eta eraginkorrena da berau. Bere potentziala aintzat
harturik gaur gure ikastetxeetan aurkitzen ditugun erronka nagusiez arituko
gara jarraian. Hezkuntza eskubidearen bermea, curriculum malguen beharra,
inklusioa, ikasketa prozesua eta irakasleen betebeharrez arituko gara.
HEZKUNTZA
ESKUBIDEA
Denboran zehar
bilakaera nabarmena eman du hezkuntzak eta baita berari hertsiki loturik
aurkitzen ditugun beste hainbat alorrek ere. Gizarteko eremu oro bezala garaian
garaiko pentsamendu eta ideiei egokitzen joan izan da hezkuntzaren esparrua,
pribilejio moduan hautematetik eskubide izatera pasa da eskola eremuko
hezkuntza.
Herri bateko
pertsona guztiek, pertsona izate hutsagatik, eskubide zibil, politiko eta
sozialen jabe dela ulertzen da gaur egun zenbait dokumentu idatzietan bai eta
hainbat diskurtso politikotan. Hala ere, errealitateak erakusten digu herritar
guztiek eskubide horietaz gozatu dezaten dokumentu eta diskurtsoez gain
baldintza material konkretuak beharrezko dituztela. Askotan ulertu izan da haur
eta gazteak hezkuntza zentroetara joateko aukera bermatua izate hutsagatik
hezkuntza eskubideaz gozatzeko baldintzak asebeteak zirela.
Hezkuntzaren
esparruko alor ezberdinetan lanean aritu izan diren profesionalek, berriz,
azpimarratu dute hezkuntza eskubidearen eremua ikastetxeetara joateko aukeraz
haratago ulertu behar dela. Pertsona orok bere garapen pertsonal, kognitibo,
emozional… behar bezala garatu ditzan ezinbesteko da ikastetxeetara joateko
aukeraz gain ikaste prozesu guztian zehar izango dituen baldintzak aztertu eta
horien berme zuzena ahalbidetzea.
Ikaste prozesua
integrala izan dadin beharrezko izango da pertsona bakoitzaren garapena modu
autonomoan landu eta aztertzea. Herritar orok dituen baldintzak, testuingurua,
ezaugarriak… aztertu beharra dago eta horien araberako hezkuntza proposamen
integral bat ahalbideratu behar da. Modu honetan, eta soilik honetan, bermatu
ahal izango dugu herritar ororen hezkuntza eskubidea.
Ulertu behar dugu pertsona bakoitzaren bizi baldintzak
eta garapena oso ezberdinak direla, pertsonen izatea oso anitza dela eta,
beraz, guztiek hezkuntza eskubidea bermatu izan dezaten prozesua modu
ezberdinetan eta denbora ezberdinetan planteatzea ezinbesteko izango dela.
Hezkuntza eskubidearen bermea ez da soilik norbere
garapen pertsonala bermatzeko baldintza soilik. Eskubide honek herritarren
garapena bermatzeaz gain herri eta gizartearen garapenerako ezinbesteko
baldintza dugu. Hezkuntzaren bitartez nahi eta behar bezalako herritarrak
heziko ditugu. Herri baten hazkuntza honek beronen gainean izango duen
inplikazio mailaren arabera emango da eta, arrazoi hori medio, esparru horretan
apustu garbi bat egitea ezinbesteko izango dugu.
CURRICULUMA
Orain artean pertsona bakoitzak duen hezkuntza
eskubideaz eta honek herri bateri ematen dion aberastasunaz mintzo gara.
Esandako guzti hori garatzea posible izan dadin ezinbesteko izango da
Curriculumaren esparruko azterketa eta eraldaketak ere planteatzea.
Curriculumak herrian herriko
errealitateari erantzun beharko dio. Honen historia, testuingurua, baldintzak,
balioak … aintzat harturik diseinu orokor bat egin beharko da. Baina
orokortasun hori ikasle bakoitzaren errealitate, baldintza eta ezaugarrietara
moldatzea ere ezinbesteko izango da norbanakoaren behar bakoitzari erantzunez
hezkuntza eskubidea gauzatua izan dadin.
Jakin badakigu pertsona
bakoitzak dituen gaitasunak eta beharrak oso ezberdinak direla. Hezkuntzak,
azpimarratzen gatozen bezala, norbere beharrei erantzun beharko die hezkuntza
eskubideaz pertsona orok goza dezan. Hori
dela eta Curriculuma ezin izango da bat eta bakarra izan, norbanako bakoitzaren
prozesuari egokitu beharko zaio. Modu honetan, helburuak guztientzako berdinak
izanik ere bakoitzak garatuko duen prozesua oso bestelakoa izango da bai
erabiliko den metodologian, bai denboretan, bai baliabideetan, bai espazioetan
ere. Curriculumaren planteamendu hau gauzatu ahal izateko, baina, ezinbesteko
izango da hezkuntza komunitateko kide eta instituzio guztien inplikazio eta
elkarlan sendoa. Curriculumaren egokitzapenak hainbat alorretan eraldaketak
egitea inplikatzen du. Honela, eskolak integratzaile izatetik inklusibo izatera
pasa beharko dira, metodologian berrikuntzak eta egokitzapenak egin beharko
dira etengabe, elkarlan indartsua bermatu beharko da hezkuntza komunitate guztiaren
aldetik, hezkuntza alorreko profesionalek erronka berriei erantzun beharko die
eta, beraz, etengabeko formakuntzan jardungo dute, hezkuntza legediak baldintza
guzti hauek gauzatzea ahalbidetu beharko du …
ESKOLA INKLUSIBOA
Curriculum orokorraren egokitzapenak ikasle
bakoitzaren beharrei erreparatzea ekarriko du eta, modu horretan, ikasleen
artean aurkitzen ditugun ezberdintasun anitzak azaleratuko dira. Aniztasun
horiek eremu askotan antzemango ditugu: eguneroko bizi baldintzetan,
gaitasunetan, beharretan, izaeran …
Aniztasuna, orain artean, oztopo moduan ulertu izan
da. Gehiengoaren patroietatik at zeuden pertsona guztiak seinalatu, etiketatu
eta baztertu egin izan dira orain artean. Ikuspegi hau, pertsona eta herri
bezala, ezinbestez aldatu behar dugu. Aniztasuna aberastasun iturri moduan
ulertu behar dugu.
Pertsona guztiok gara gure artean ezberdin. Ez dugu
aurkituko inor bata bestearen berdina denik. Aniztasun horri aurre eginez gure
errealitatea moldatu behar dugu, baita gure eskolak ere. Aniztasuna
aberastasuna izanik gure gelak heterogeneoak izatea bultzatu eta aniztasun hori
ezagutza lortzeko bitarteko moduan ulertu behar dugu, horretarako norbere
berezitasunen aitortza egin beharko da.
Aniztasunaren ikuspegi zabal hori gure ikasgeletara eraman
behar dugu baina inklusio prozesu hori emateko behar beharrezkoa izango dugu
komunitate sentimendua izatea eta bertan elkarbizitza osasuntsu bat gauzatzea.
Hala ere, inklusioa bizi estilo moduan aplikatu ahal izateko gizarteko eremu
anitz ditugu oraindik eraldatzeko: kultura, politika …eta milaka dira eskola
eremuan ere gestionatu beharreko alorrak: curriculuma, metodologiak, ebaluazio
sistema …
Hezkuntza eskubidea bermatua izateko pertsona guztiak
beraien ikasgeletan eta herrian onartuak izan behar dira, bestela beraien
ikasketa prozesurako eta, beraz, hezkuntza eskubidea bermatua izateko
ezinbesteko baldintzak urratuak izango ditu. Ikasketa prozesuan ikasle
bakoitzaren behar eta gaitasunak antzemanez curriculuma egokitu egin beharko
da.
Curriculum malgu bat osatu behar da baina horretarako
beharrezko izango du ikastetxean malgutasun batez gozatzea. Hori dela eta
Euskal Herrian bizi dugun egoera zentralizatzailea gainditu beharra dugu.
Curriculum malguak ikastetxetako autonomia garatzea ekartzen du. Izan ere,
ikastetxeek beraien ikasleetan jarri beharko dute fokua, egunean bizi duten
errealitate zehatzari egin beharko diote aurre. Modu honetan ordutegi
aldaketak, espazio anitzak, elkarlana, baliabideak… moldatzen joan beharko
dira. Aurrera pausu hori ematea ezinbesteko baldintza izango da inklusioa
eskoletan bermatzeko.
Eskoletan orain arteko garapena egitea bermatzen
baldin bada, gu bizi garen errealitatea, gizartea inklusioaren bidean
eraldatzera ere bultzatuko dugu. Aurreko ataletan azaldu dugun bezala
hezkuntzak gizarteko herritarrak eraikitzen ditu eta, beraz, hezkuntza balore,
ideia aldaketak ematen baldin badira ezinbestez gizartea berau eraldatuko dugu.
Inklusioaren bitartez, beraz, elkarlana, aniztasuna, errespetua, autonomia …
baloratuak eta indartuak izango diren gizarte bat eraikitzeko bultza bat egingo
dugu.
IKASLEEN BEHARRAK HEZKUNTZA FOKU
Hezkuntza eskubidearen subjektu ikasleak dira eta,
beraz, hezkuntzak ikasle horien gainean ezarri behar du fokua. Ikasle guztien
aniztasuna erreparatuz curriculum malguak sortuz inklusioa ahalbideratzea
izango da ikastetxeek gaur izango duten erronka nagusietako bat.
Ikastea bizi guztiko prozesu bat moduan ulertu behar dugu
eta prozesu horrek ibilbide ezberdin asko izan ditzake. Ikasleen
testuinguruaren eta beharren arabera prozesua modu ezberdinetan diseinatu
beharko da.
Ikasketen helburua ez da soilik edukiak ezagutzea,
hots, adimen kognitiboa garatzea. Hezkuntza prozesuaren bitartez ahalik eta
garapen integralena lortu behar dugu eta, beraz, pertsonarteko adimena,
hizkuntza adimena, adimen logiko matematikoa, adimen espaziala, adimen
musikala, zinetiko-korporala, naturalistikoa eta kognitiboa landu beharko dira.
Gaitasun guzti horietan aurrera pausuak izateko
elkarren arteko kolaborazioan lan egiten ikasi beharko dute ikasleek, lan
autonomoan trebatu beharko dute, sormena landu beharko dute, kritikotasuna
garatu beharko dute … Hots, eskolak herritar arduratsu eta askeak garatu
beharko ditu, komunitatearekiko ardura eta konpromisoa erakusten dutenak, parte
hartze aktiboa gauzatu dutenak.
Ikasle, pertsona bakoitzak erraztasun eta zailtasunak
eremu ezberdinetan aurkituko ditu prozesuan zehar eta, arrazoi horregatik,
pertsonalizatua izango duen hezkuntza bat jasotzea ezinbesteko izango da berau
ikasle bakoitzarentzako ahalik eta aberatsena izan dadin.
IRAKASLEA
Hezkuntza eskubidearen bermea gauzatzeko, curriculum
malguak sortzeko, inklusioa gauzatzeko, ikasleen prozesu integrala bermatzeko…
gizarteko alor ezberdinetako profesionalen inplikazioa eta hezkuntza
komunitateko kidego guztiaren elkarlana beharrezkoa izango bada ere irakasleak
betetzen duen papera oinarrizkoa izango da.
Ikaslearen gaitasun eta beharretan fokua ezarriz bere
egin beharra horien ikasketa prozesua bermatzea izango da. Horretarako etengabe
formatzen jardun beharko du metodologia berrietan, teknologia berrien
erabilpenean … baina horretaz gain ikuspegi inklusiboa eta balore zehatz batzuk
izatea ere garrantzizko izango ditu.
Irakasleak lan egingo duen ikasleen egoera ulertzeko
eta egoera ezberdinak ahalik eta hobekien kudeatzeko ezinbestez adimen
emozionala landu beharko du. Ikasleak asertibitate osoz tratatu eta beraien
aukeraketetan bidelagun izan beharko du.
Irakasleak elkarlanari garrantzia handia eman beharko
dio eta kooperazio lanetan jarduten erakutsi beharko die ikasleei eta modu
horretan lan egitearen garrantzia azpimarratu beharko du.
Kooperazio horretan bakoitzaren ezaugarri ezberdinak
errespetatzen erakutsi beharko du irakasleak eta horretarako ezinbesteko izango
du norbanako bakoitzaren identitate indibidualaren alderdi positiboak
azpimarratzea, hau da, identitate positiboak eraiki beharko ditu.
Ikasle bakoitzak bere nortasuna onartua dela sentitzea
oso garrantzitsua izango da bere auto-kontzeptua eta auto-estimua garatzeko.
Horretarako behar beharrezkoa izango da irakaslegoak ikasleen etiketajerik ez
egitea eta bakoitzaren ikasketa prozesua bultzatzea. Izan ere, aurreiritzi ezkorrek
ikaragarrizko eragina izaten dute ikaslearen auto-kontzeptuan eta auto-estimuan
eta horrek ikaragarrizko eragina izaten du ikasketa prozesu osoan zehar.
Beraz, irakasleak edukiak erakusteko betebeharra
izateaz gain ikasle bakoitzak bere garapenean aurkituko dituen eraldaketa
(gorputz, adimen, sentipen, akademiko, pertsonal, profesional…) guztiei modu
egokienean aurre egiten lagundu eta irakatsi behar dio.
Irakaslearen betebeharra izango da, beraz, ikasle
bakoitzaren eta ikasle taldearen ongizatea bermatzea. Horretarako errespetuak
oinarritutako giro bat sortu beharko du bere ikasgelan.
Irakasleak
ardura oso garrantzitsua du beraz. Irakasleak herritarrak hezten ditu eta
herritar horiek arduratsuak, askeak, kritikoak, autonomoak, elkarlana oinarri
dutenak, aktiboak … izateko irakasleak ere balore horiek bere bere eginak izan
beharko lituzke ondoren ikasleei horiek garatzen laguntzeko.