lunes, 30 de marzo de 2015

HEZKIDETZA IKASTXEETAN




XXI. mendeko ikastetxeek aniztasuna modu parekidean kudeatzea helburu izan behar dute. Ikastetxeko pentsamendu, ohitura, balio, identitate… ezberdinak kontuan izanik pertsonak elkarren artean errespetuz eta elkarlanez harremantzea izan behar du meta. Ikastetxeak inguratzen duen gizarte, kultura eta ekonomia kontuan izanik hezkuntza plan integrala gauzatu eta eskaini behar da. Elkartasuna, beraz, ezinbesteko baldintza da komunitate zabalean ekiteko.
Inguratzen gaituen gizartea aintzat hartuta ohartzen gara helburuak gauzatzea ez dela batere erraza. Izan ere, gizarteko sistema guztia zapalkuntzan, mailaketan, diskriminazioan oinarritzen dira. Genero zapalkuntzak, herrialde ezberdinen arteko mailaketak eta, beraz, pertsonen arteko diskriminazioak ezaugarritzen dute gaurko gizartea. Hala ere, oztopo guztiak mahai gainean ezarrita ezinbestekotzat jotzen dugu gure komunitate txikitik hasita jendartearen eraldaketarako apustu bat egitea.
Norberaren banakotasun, berezitasunaren arabera, izaera desberdinak onartuz, genero-sexu sistematik at egiten den pertsonen hezkuntza eskaintzea ezinbesteko da. Irizpide sexistek, homofoboek, arrazistek, klasistek…  barnebiltzen dituzten, gizon eta emakumeei egokitutako rol, balore, portaerak transmititu gabe heztea izan behar du erronka. Pertsona autonomoak izateko, gure bizitza proiektuen jabe izateko, hurbileko inguruarekin elkarbizitzan, behar ditugun gaitasunak garatzea ahalbidetzeko helburuekin. Hezkidetza kontzientea den prozesu hezitzailea izan behar du eta neska eta mutilen arteko aukera berdintasunean oinarritzen da, pertsonen garapen integrala lortu nahian.
Egun gure herrian, eremu desberdinetan ematen diren eskubide urraketak identifikatu eta pixkanaka gaindituko dituzten pertsona autonomoak eta osoak heztea da helburua. Urratsez -urrats anitzagoa, parekideagoa eta osasuntsuagoa izango den herria eraiki nahi dugu. Ikuspegi honetatik, edonolako eskubide urraketen gainean eta sakoneko eraldaketa posible izateko lanean ari diren Euskal Herriko eragile anitzekin elkarlana eta lankidetza behar beharrezko direla deritzogu.