martes, 7 de abril de 2015

ALDAKETAK EMAN BEHARRA. MALGUTASUNA


Inklusioak eskatzen digu eskola ikasle guztiei erantzun behar diela, ikasle guztiak sartu ahal izateko ordea, hezkuntza-sistema aldatzea ezinbestekoa da. Irakasle gisa, ezinbestekoa iruditzen zait aldaketen eremua ikasgelatik kanpora zabaltzea. Hain zuzen, irakasleak eskolaren antolakuntzan, curriculum-en, familiekin harremanetan...eragin zuzena duela sinesten dugu.


KOMUNITATEA
Aipaturiko aldaketen artean, sozializazio burutzeko eremua dago. Lehen familiak ziren sozializazio prozesuaren berme, baina gaur egun pertsonak batek bere bizitzako lehen etapa hezkuntza erakundeen esku du. Beraz, esan dezakegu, eskola sozializazio prozesuaren ardatz bihurtzen hari dela. Honek esan nahi du, ezinbestean, ikasleen garapen emozional eta afektiboa osatzeko erronka duela.

Horren esan nahi du, ahalik eta koherenteenak izan behar direla eskolan ematen diren baloreak eta ikasleak bizi dituenak (behitzat hauek ulertzeko bitartekoak) eta horretarako familia eta eskolaren arteko harreman sustatu beharra dago.

Are gehiago, hezkuntza eskolan ematen den hori baino gehiago dela sinesten badugu, kalean ere lantzen direlako balore eta jarrerak, komunitate guztiaren konpromisoa eta inplikazioa eskatzen du inklusioak.


CURRICULUM-A
Aipatu bezala, hezkuntza legeen mailaketaren artean kontraesan nabariak ditugun arren, ikastetxeko Curriculum Proiektua osatzetik hasi gaitezke. Gaur egungo curriculum-ak klase orduak, adina, edukiak, unitateak...zurrunki mantentzen ditu, guztiontzako eskola definitzen duen curriculum-ak ordea irekia eta malgua izan beharko du. Ikasle guztiek ez dituzte gaitasun berdinak, eta askotariko aukerak eman behar zaizkie.

Curriculum-ak globalizatzailea izan beharko luke, materietatik aratago, gai zabalak hartu eta bertatik interesguneak landuz ikasteko. Modu honetan, gaiak isolatu gisa ikusi beharrean elkarren arteko lotura eginez.

Bestetik, edukiak esanguratsuak eta funtzionalak izan behar dute, ikasleak gaitasun kognitiboetaz gain bizitzan haritzeko gaitu behar dira, behar eta arazoei erantzuteko. Ikasten dutenak zertarako balio duten ulertu behar dute ikasleek.


ANTOLAKETA

Antolaketan aldaketan emateko ezinbestekoa da irakasleok taldean lan egitea. Ainscownik Hik Hasik eginiko elkarrizketan aipatzen du elkarrekin lan egiteko denbora hartzea ezinbestekoa dela lankidetza sustatzeko eta era honetan guztien parte-hartzea oztopatzen duten egoerak identifikatzea posible izango baita.
>Eskola

Hezkuntza gune bezala irudikatu behar dugu, gune kultural gisa leku adierazgarria izan behar du. Hala ere, eskolatik haratago, komunitatea, herria, herriko kultura...ere hezi gune bezala identifikatu behar ditugu, eskolak ez baitira erakunde isolatuak. Ikasleek errealitatearen eremurik handiena eskolatik kanpo irudikatzen dute beraz, eskolak erreferentziatzat hartu beharko ditu herrian gertatzen dena, herriko kultura...
Ikasleak gustora sentituko diren guneak sortu behar ditugu. Lan egiteko eta gure gaitasunak modu optimoan garatzen inguruak ere laguntzen baitigu. Esaterako, Ikasleek koloretan hormak margoztutako eskola bat etxeko espazio bezala lehenago idenifikatuko dute grises margoztutako eta kartzela baten egitura duen ikastetxe bat baino. Beraz, zergatik ez dugu hau ere aldatzen? Ikastetxearen egitura eta dekorazioa ikasleekin batera pentsatu eta antolatu.



>Gela

Gelan geratatzen diren harremanetan arreta jarri behar dugu: irakasleek ikasle bezala ikusi behar dute beraien burua, etengabe esperimentatuz, ikasleak eragile garrantzitsu gisa ikusi, planifikazioa eta antolaketa beraein esku utzi. Gelaren antolaketan elkarlana sustatzen badugu, ikasleak gehiago ikasteko eta inplikatzeko aukera zabaltzen hari gara.

Mahai eta aulkien antolaketarai dagokionez, esperimentazioarako eta elkarrekintzaren bidez ikasteko ezinbestekoa da ikasgelan ikasleen arteko hartu emanak egotea, ikasle guztiak elkar ikusi eta elkar hitza zuzendu daitezen. Baita irakasleak protagonismoa ikasleengan jarri dezan eta ikasle guztietan arreta jar dezan, ardatza ikaslea izan dadin eta ez irakaslea.


>Ikasleen banaketa

Freined-ek adinaren arabera egiten den banaketa homogeneoa ere zalantzan jartzen digu. Esaterako, aniztasuna balore positibo bezala barneratzen badugu, ez ahal litzateke interesgarria izango ikasglean adin desberdineko jendea elkarrekin ikasten egotea? Gerta liteke, 12 urte dituen batek 14 urteko batzuekin bizipen gehiago izatea elkartrukatzeko. Bigarren Hezkuntzan halako esperientziarik ezagutzen ez dudan arren, Euskal Herrian baditugu horrela antolatutako ikasgela txikiak.


Ordutegia

Ordutegiak ere malgua izan beharko luke, beharren araberakoa. Gaur egun ordu bete zerbaitekin igaro ondoren moztu eta beste zerbaitekin jarraitzen da. Irakasleak ikasleengan arreta jarri eskero eta hauek lanean gogotsu egon eskero horri zukua ateratzen ahalegindu beharko litzateke, luzatu beharreko orduak luzatuz.



El Club de los Poetas Muertos pelikulako zati bat. Aipatutakoa oso ondo irudikatzen du orokorrean pelikula honek.
https://www.youtube.com/watch?v=6gxUwXl7ZQ8

lunes, 6 de abril de 2015

Heriotzaren trataera hezkuntzan


Heriotza eta dolua giza banako orok ezinbestez, inolako salbuespenik gabe, bizi behar dituen egoera muturrekoenak direla agerikoa bada ere, paradoxikoki, gaur egungo gizartean tabua den kontzeptu bilakatu dira. Gizarteak desnaturalizatu egin du heriotza eta berau ezkutatzeko joera hartu, honen adibide, historian garaikidean zehar doluari aurre egiteko mekanismo eta errito asko galdu izana. Guzti hau arazo emozional ugariren jatorria da, batez ere beren buruaren eraikitze prozesuan dauden gazteen adinean. Dolua ez bada behar bezala garatzen, amaigabeko ukazio batera igarotzen dira eta sindrome klinikoak garatu daitezke denborarekin.

Jarraian, Euskadi Irratian eginiko elkarrizketa baten pasartea, heriotzaren lanketak hezkuntzan duen garrantzia barnebiltzen duena. Heriotzaren trataeraren garrantzia

Beste baliabide gisa, jarraian Idoia Sara psikopedagogoari eta ‘Heriotzaren Trataera Eskolan' tesiaren egileari eginiko elkarrizketa: "Gizartean heriotzari buruzko hausnarketa kolektiboa bultzatzea da nire lanaren helburua"

Galera kontzeptuaz ari garenean, estimatzen genuen zerbait galtzeaz ari gara. Honek, norbanako baten faktore arrazional, emozional, espiritual eta soziokulturalen arabera prozesu edota ibilbide ezberdina izaten du. Galera baten aurrean gaudenean beraz, dolua nahitaez  ematen den prozesu multzo bat da eta berebiziko garrantzia du berau era osasungarri batean garatzeak. Zailtasunek, galera hori ez gainditzea edota dolu egoera enkistatzea ekar ditzakete.

Hori ekiditeko, gure proposamena heriotza eta doluaren gaineko lanketa prebentibo bat garatzea litzateke. Ikasleek hunkiberatasuna eta sortzen zaizkien emozio andana kudeatzeko behar dituzten baliabide eta tresnak garatzea hain zuzen ere. Horrela, gaiaren gainean duten jarrera aldatzea litzateke helburua:

“Sufrimenduaren aurrean, oro har galeraren eta bereziki heriotzaren aurrean, jarrera aldaketa bat sustatzea” (Hik Hasi)

Horrela, ikasleei informazioa eta ezagutza eskainiz, heriotza eta beronek ekartzen dituen ondorioak era natural eta sakonagoan ulertzea litzateke, horrela bertan sortzen diren emozio, sentimendu eta erreakzioak hobeto ulertu eta era egoki batean garatzeko gai izan daitezen.

Heriotzaren gainean hausnarketa hauek sustatzeko unean, ikastetxea gune oso aproposa litzatekeela uste dugu. Izan ere, adin eta garapen emozional bertsuko norbanakoak esperientzia honetan elkar elikatu eta babestu baitaitezke. Lanketa hau, Haur Hezkuntzatik bertatik garatzen hastea gomendagarria da, baina guk irakasle bezala nahiz eta Bigarren Hezkuntzan lan egin, honek ez du esan nahi lanketa hau burutu behar ez dugunik. Horrela, GGZZ arloan, irakasgai guztietan inplementatu daiteke proiektu hau, batzuetan zeharkako lanketa egingo da, bertako helburua heriotza kontzeptu gisa presente izan dezaten ikasleek eta ezagutza arlo ezberdinetan nola garatzen den gai hau edo zer nolako espresio motak dauden ikus dezaten. Beste batzuetan, zuzenean garatuko den gai bat izango da, heriotza kontzeptu bezala landuko delarik.

Horrela, intentsitate maila baxuko ekintza plan bat diseinatzea dela egokiena deritzogu, kurtso osoan zehar banatuko dena. Honela, heriotzaren inguruko lanketa kurtsoaren dinamikaren baitan txertatu daiteke beronen jardun normala oztopatu gabe. Horretaz gain, argi dago konplexu batez ari garela hitz egiten eta beraz helburua gaia lantzea da bai, baina ikasleak saturatu edota ito gabe.

Hala ere, GGZZ departamentuak oso arlo zabal bat biltzen du, ekonomiatik hasita filosofiaraino. Hori dela eta, heriotza bezalako lanketa mila era edota forma izan ditzake. Garrantzitsuena, irakasgaiaren dinamikan ongi txertatua egotea eta koherentzia baten baitan eraikia egotea da, horrela ikasleek era natural batean garatzeko aukera izango baitute. Jarraian, gure departamentuko bi irakasgaitan egin litekeen lanketa posiblearen bi eredu plazaratzen ditugu.


HISTORIA
Norbere herriko historia edota Euskal Herriarena aztertzen hari garen heinean, milaka aukera izango ditugu heriotzaren inguruko lanketak egiteko, izan ere gizakiaren historia eta kulturak lotura estua izan du heriotzarekin.Horrela, artearen historia, arkitektura edota kultura ezberdinen usadioak aztertuz, heriotzaren normalkuntza.



Hala nola, Historiaurrearen kasuan, megalitismoa bezalako gai bat landu dezakete. Aipagarria da, eraikuntza hauek, ehorzketa-leku edota hileta errituetarako erabiltzen zirela gehienbat. Ekintza honen helburua, ikasleek historiaurrearen pasarte esanguratsuenetako bat aztertuz, heriotzaren gaineko hausnarketa bat burutzea da. Horrela, betidanik existitu den prozesu natural bat bezala ulertzera bidean pauso batzuk emateko. Horretaz gain, gure herriaren historiaz eta kulturaz hausnarketak garatzea lortzen dugu.

Lanketa dinamikoagoa egiteko, historiaurreko aztarnategi ezberdinetara egin dezakete bisita, bertatik bertara ikusi ditzaten megalitoak. Horretarako, bisita gidatu eta ibilaldi ugari ditugu eskura, hementxe adibide batzuk:  




ETIKA
Irakasgai honetarako proposamena heriotzaren gaiaren lanketa baino haratago doa, baina oinarrian oso dago lotuta, kurtso guztian zehar norbanakoen barnetasuna lantzeko txoko espiritual bat sortzea baita helburua. Bertan, ez da heriotzaren gaia zuzenean landuko, baina bai sentimendu eta emozioen identifikazio eta kudeaketa. Oinarrizko tresna da hau dolu prozesu bat behar bezala garatzeko.

Barnetasunaren heziketarekin ikasleek, pertsona bezala dituzten dimentsio ezberdinen arteko oreka bilatu nahi da, dimentsio horiek lotuz heziketa integrala sustatzeko; gorputza, pentsamenduak, sentimenduak, sinesmenak eta emozioak. Pertsonak hobeto elkartu nahi dira eta bizitzen dugunari zentzua aurkitzeko bultzada bat eman. Zehazki, hori garatzeko behar dituen tresnak ematea eta pertsonaren barne baldintzak eragitea nahi da, kontuan harturik gure barne dimentsioa guztiz interkonektaturik dagoela kanpotasunarekin.

Lehenengoan sinesmenak, balioak, idealak, kontzientzia, sentimenduak...esperientzia bihurtzen dira, eta hor eraikitzen du pertsona bakoitzak bere bizitzaren zentzua. Bi dimentsioak integratzeko prozesuak nortasun pertsonala eratzen du.

Helburu zehatzak:  
  • Sentimendu eta emozioak identifikatu eta kudeatzea.
  • Bizipenetan oinarritutako heziketa izatea.
  • Barneko munduaren kontzientzia hartzea sustatzea.
  • Pertsonen barneratzeko gaitasuna garatzea.
  • Norbere gorputzaren kontzientzia hartzea.
  • Auto-ezagutza garatzea.
  • Pertsonaren dimentsioak bateratzea.
  • Norbere buruarenganako eta besteenganako maitasuna zaintzea.
  • Ikasleei barruan duten potentzialtasuna ateratzeko bideak eskaintzea.
  • Orainaren kontzientzia indartzea.
  • Transzendentzia aldera zabalik egoteko jarrera sustatzea. 

Ikasleekin jarraian aipatzen diren aspektu eta tresna zehatzak landuz iritsi daiteke goiko helburu horiek betetzera: gelditasuna lantzeko ariketak, isiltasunaren garrantziaz jabetzeko ariketak, arnasketaren gaineko kontrola hartzeko ariketak, arreta fokatzeko eta mantentzeko gaitasuna lantzeko ariketak, irudikapen mentala lantzeko jarduerak, hausnarketarako joera sustatzeko gogoetak eta meditazio teknikak ikasteko saioak.

domingo, 5 de abril de 2015

IRAKASLEAREN PERFILA






Irakasle izatea eta irakasle profila eraikitzea etengabeko lan bat da. Irakasleak momentuko gizarteari eta, beraz, momentu bakoitzeko ikasle perfilari erantzun behar dio. Horrek adierazi nahi du gaian aditua izateaz gain gai horiek gaurkotzeko betekizuna izan behar duela, garaiko gazteen jarrera eta errealitatea ezagutu behar duela, metodologia berriak ezagutzen jardun behar duela eta erronka berriei erantzuteko prestutasuna izan behar duela.

Irakasleak ikasleek eduki jakin batzuk barneratzeko erantzukizuna izateaz gain ikasle horiek autonomoak, kritikoak eta herritar arduratsuak izateko ardura ere badu. Irakasleak bere profilaren baitan balio batzuk izatea ezinbesteko da. Baina nola jakin zein balio diren egokienak? Eta nola bermatu irakasle guztiek balio beraren baitan jardutea? Galdera hauek eta horien erantzuna oso konplexua da. Erantzun zehatzik ez baldin badago ere bide horretan lan egiteko konpromisoa hartu behar dugula uste dugu. Horretarako irakasleen arteko lan harremanak sendotu eta indartzea ezinbesteko da.

Aipatutako erronka guztiei aurre egiteko irakasleak konprometitua, ikertzailea, berritzailea, integratzailea, kolaboratzailea, komunikatzailea... izan behar du. Izate ezberdin guztia hauek geureganatzeko apustu egin beharko dugu. Honela gizarteko arazo eta behar ezberdinei bide eman eta gizartearen eta hezkuntzaren eraldaketa bat posible izango da.

Erantzunkizun handia gurea ezta? Erantzun diezaiogun bada neurri bereko lankidetzarekin!






sábado, 4 de abril de 2015

Irakasleontzako IKT tresnak

XXI. mendeak, nahiz eta oraindik hamarkada t'erdiko bizitza izan, zeresan handia ematen hari da, urte gutxiren barruan aldaketa nabarmen ugari eman baitira gizartean bizitzeko eta erlazionatzeko erei dagokienez.

Hezkuntzan ere, poliki poliki eta uste baino erresistentzia handiagoarekin bada ere, aldaketa haizeak azken urteetan pilatu den hautsa arrotzen hasi dira eta badirudi mende berriari eta gaur egungo gizarteari begirako pedagogia baten baitan lan egiten hasi garela.
Aldaketa honetan, IKTak ezinbesteko tresna dira. Gaur egun, jakituria eta informazioaren bolumena hain da handia, non ezinbestekoak bilakatu dira informazioa aurkitu, artatu eta sailkatzeko tresnak. Horretaz gain, tresna hauei esker, klasean lan egiteko moduak iraultzeko aukera eskaintzen digute.

Hala ere, informazioarekin gertatzen den bezala, IKTen mundua ere izugarri hasi da azken urteetan, aplikazio eta tresna ugari sortzen direlarik urtero. Horrela, beharrezkoa izaten da norberak bere erabileraren arabera erreminta hauen sailkapen bat egitea, egokiagoa baita norbere beharren arabera tresna gutxi baina ongi erabilitakoak izan, aplikazio eta erreminta ugari erdizka erabiltzea baino. Sarean hainbat sailkapen aurki genitzake, aditu edota norbanako ezberdinek erabiltzen dituzten IKTak azaltzen direlarik, guztietatik sailkapen bat egin dugu, gure ustez erabilgarrienak iruditu zaizkigunak:
Gure buruei so egiten badiegu, ezin daiteke esan adituak garenik, hezkuntzaren arloan gure jakituria maila mugatua baita, hala ere, gutako norbanako bakoitzak tresna ezberdinak erabiltzen ditu, bakoitzak bere PLE (Personal Learning Enviroment) propioa duelarik. Adibide gisa, hemen doa txertatuta gutako batena:


Hezkuntzari dagokionez, gure eguneroko jardunean honakoak dira guk gehien erabiltzen ditugun tresnak, honek ez du esan nahi hauek direnik guztiak, baina esan liteke oinarrizkoenak direla:


Korreo elektroniko gisa erabiltzen dugun e-mail zerbitzua da. Informazio truke formalerako eta Google plataformari esker gainontzeko aplikazio ezberdinek elkar eragiteko.


Dokumentuak sarean egin eta editatzeko aukera eskaintzen du. Proiektuak (irakasle zein ikasleenak) era kooperatibo batean egiteko aukera eskaintzen du. Feedbackak jasotzeko aukera errazten du, edonorekin elkarbanatu baitaiteke.


Fitxategiak atzitzeko aukera ematen du, hodeian kokatuta dagoen biltegi honek, proiektu ezberdinetako daokumentu guztiak beti eskuragarri ditugularik. Gainera, norbere dokumentuen babes kopia bat egiteko aukera eskaintzen du. Google plataformari esker, dokumentu hauek editatzeko aukera dago.


DIIGO aplikazioari esker (Digest of Internet Information, Groups and Other Stuff ) bilaketak egiterakoan, interesgarritzat jotzen dugun guztia era ordenatu batean sailkatu genezake, bertako laster-markak gaiaren arabera sailkatuz. Aplikazio honi esker gainera, social bookmarking deritzona burutu daiteke, hots, norbanakoek elkarren artean eta taldeetan laster markak elkarbanatzea.


Scoop.it, dokumentuak artatzeko erabiltzen den tresna da. IKTak askotan, informazioa trukatu eta edukiak kudeatzeko erremintak izaten dira, baina eskuartean dugun tresna hau pausu bat haratago doa. Arlo honetan, guk geuk analizatu eta igotzen dugu aplikazio honetan agertuko den edukia, gainontzekoekin elkarbanatzeko.
                                                   http://www.scoop.it/

Feedly erabiltzea, batzailea deituriko webgunea da, guk hautaturiko informazio iturriak (blogak, webguneak…) modu automatikoan arakatzen ditu eta argitaratzen dutena erakusten digu era antolatu batean, izenburua, paragrafo bat eta bere lotura erakutsiz. Guzti hau, era automatikoan burutzen du, bere kasa.
                                                      https://feedly.com/

Irakasle zein ikasleei, informazioa eskuragarri eta eguneratua eskaintzea da niretzat tresna honek duen indargunerik nabarmenena. Azken finean, irakasleontzat auto-formakuntzarako tresna ezin hobea da, sare sozial honek duen izaera kolaboratiboa dela eta. Gainera, elkarlanean proiektu eta ideia berriak garatu eta eraikitzeko aukera eskaintzen digu.
                                                      https://twitter.com


Horretaz gain, irakasle gisa, Software Librearen aldeko autua egitea garrantzitsua dela deritzogu, hauek, era kolaboratibo batean sortuak daude eta komunitatearentzat eginak daude. Askotan uste da erreminta hauek beraien parekide komertzialak baino ahulagoak direla, baina erabiltzaileen ehuneko handi batentzat guztiz baliagarriak dira. Gainera, hautu kontziente bat ere izan behar dela uste dugu, izan ere informazioaren eta jakituriaren eraikuntza kooperatiboan sinesten badugu, hauek kudeatzeko tresnetan ere filosofia berebera erabiltzea litzateke egokiena.







HERRI CURRICULUMA


Euskal Herrian herritarrek kezka handia erakutsi dute hezkuntza kontuen inguruan eta modu aktiboan sustatu ditu hezkuntza egitasmo euskaldunak. Horren erakusgarri dira, hala nola, ikastola bakoitzaren inguruan herritarrek egin duten lan izugarria edota eskola publikoan euskarazko lerroak irekitzeko auzoz auzo egindakoa. Horren adibide da, baita ere, hezkuntza eremuko jaialdietan biltzen den jendetza. Hauen artean daude baita, azken urteotan herri eta ikastetxe desberdinetatik abiatutako egitasmo diren Herri Curriculumak.Gaur egun ikastetxeak barneratua duen Ikastolako Curriculum Proiektua (ICP), hankamotz geratzen da ikastetxeak bere Hezkuntza Proiektuan garatutako filosofiarekin. Ondorioztatu genuen, Curriculuma ez dela gai ikasleen garapenean beharrezkoak diren jakituriak, balore edota gaitasunen barneratzea bermatzeko.Gabezia hauen arrazoia, Hezkuntza Sistema estandarizatu eta zurrun batera moldatzeko saiakeran, eta beronek proposatzen dituen baliabideak txertatzean dagoela ondorioztatu genuen. Horrela, denboraren poderioz, herrietako izaera eta nortasuna kontuan hartzen ez dituen Curriculum bat izatera heldu gara. Honek, hainbat arazo eta egoera arriskutsu sortarazi ditu, horietako nagusia, gure herriko jakituria eta kulturaren transmisioa eten egin dela. Hori dela eta, gure herriko balore, jakituria eta izaera barnebilduko dituen curriculum baten beharra dagoela ondorioztatu genuen.Herri Curriculum bat sortzeko hautua ez da gure burutazio hutsa izan, Euskal Herri mailan ugariak dira gisa honetako proiektuak. Gure herriak, betidanik izan du hezkuntzarekiko sentsibilitate handia eta hainbat eratako lanak eta borrokak burutu ditu. Euskal Herriko historia hurbilean, ikastolen mugimendua jarri dezakegu horren adibide gisa, herriz herri, hezkuntza euskaldun eta berritzaile bat garatzeko unean, norbanako eta kolektibo ezberdinak batzea lortu zuena. Horretaz gain, gure helburua garatu duten proiektuak ere aurki ditzakegu, hala nola Euskal Curriculuma edota herri mailara joaz Orio, Azpeitia edota Arrasateko Herri Curriculumak esaterako. Oriokoa litzateke azken adibidea.Espainiako Estatuko gobernuak inposatzen ari den hezkuntza erreforma atzerakoiak ere, LOMCE bezala ezagutzen denak, eragina izan zuen herri mailako hezkuntza baten beharrezkotasunaz ohartarazteko. Ez dugu hezkuntza sistema orokortzaile eta doktrinatzaile batean sinesten, herritik eta herriarentzako hezkuntza batean baizik. norbanako guztiok ezinbestekotzat jotzen dugu, herriko izaerara moldatzen den zentroak izan behar ditugula eta hezkuntza herriko denon ardura dela, hori dela eta, izaera horri erantzungo dion proiektu pedagogiko bat behar dugunaren ustea sakona dugu.

Orioko Curriculuma sortzen;

https://www.youtube.com/watch?v=b9zFk1lPuMk

viernes, 3 de abril de 2015

Sekuentzia didaktikoa XXI. mendean

Azken urteotan hezkuntzaren mundua birplanteatzen ari dela esan genezake. Horrela, lehen hitz gakoa "jakituria" bazen, gaur egun "konpetentzia" hitza bilakatu da.

Konpetentziak, definitzeko erraza ez den zerbait da, baina bizitzan zehar sortuko diren arazoei aurre egiteko pertsona orok behar duen zerbait dela esan genezake. Horregatik, jokabide, prozedura eta osagai kontzeptualak, aldi berean eta modu elkarlotuan, mugiarazten diren ekintzak dira. Konpetentzien ikasketa ez da ikasketa mekanikoa, eta adierazgarritasunak eta funtzionalitatea garrantzia gehiago dute.

Baina nola inplementatu hau hezkuntzan? Zela hezten da konpetentzietan? Xavier Roegiers jaunaren 
"¿Qué es el EPC? Enfoque por las competencias y pedagogía de la integración explicadas a los educadores" lanean era argi batean azaltzen du konpetentzien inguruko lanketaren oinarriak.



Goiko galderen erantzunei so eginez gero, nahiz eta hasiera batean 3. ikasleak badirudien gaizki egiten duela ariketa, konpetentzietan oinarrituko bagina, hiruretatik bakarra da era egoki batean adierazi eta hizkuntza egoki bat erabiltzeko gai dena. Beraz, XXI. mendeko irakasle gisa, garrantzitsua da gure fokua konpetentzietan ezartzea eta gainera gure jarduna honen baitan koherentea bilakatzea.

Konpetentzietan hezteko erronkari erantzuteko unean, Sekuentzia Didaktikoek ezinbesteko papera izango dute. Hots, sekuentzia didaktikoak ikasle konpetenteak hezteko bidean eman behar diren pausuak dira. Hots, gure hezkuntza ereduaren ideiak ikasgelara eta errealitatera (praktikara) eramateaz arduratzen da. Sekuentzia didaktiko bat diseinatzerako unean, honako galderei erantzuten saiatu behar gara, zer irakatsi nahi dugu eta nola?

Horrela, Sekuentzia Didaktiko bat diseinatzerako unean, hiru oinarri izan behar ditugu kontuan:
  • Landuko den materiaren helburu (konpetentzia) espezifikoak eta proiektua aurrera eramango duen jarduera nagusia (azken xedea).
  • Landuko ditugun zeharkako konpetentziak eta horiek lantzeko erabiliko ditugun metodologiak.
  • Aurrera eramango dugun ebaluazio mota eta ebaluatzeko metodologia.

Guzti hau garatzerako unean, hiru pauso edota zehaztapen maila jarraitzea proposatzen dugu, 

  • Lehenengo zehaztapen maila: proiektuaren muina.

  • Bigarren zehaztapen maila: proiektuaren faseak. 
  • Hirugarren zehaztapen maila: egunez eguneko programazioa
Lortu nahi ditugun helburuak finkatzea da helburua, horrela landu nahi ditugun konpetentzia espezifikoak zein zeharkakoak erabakiko ditugu. Horretarako gainera, nola lortuko ditugun helburu hauek finkatu beharko dira, erabiliko den metodologia hain zuzen ere.  Azkenik, proiektu guztia nola ebaluatuko dugun erabaki beharko da, Zertarako ebaluatu? Zer ebaluatu? Nork eta noiz ebaluatuko du zer? Nola ebaluatuko da? galderei erantzun beharko diegularik.

Klase bakoitza diseinatzerako unean, lau fase bereiztea proposatzen dugu: Sarrera edo hurbilpen fasea; garapen fasea; ekoizpen aurreko hausnarketa fasea; ekoizpen edo aplikazio fasea eta ekoizpen edo aplikazio ondoko hausnarketa fasea.

Askotan esan ohi den bezala, irudi batek mila hitz baino gehiago balio izan ohi du, eta azpiko taulan finkatzen dira sekuentzia didaktiko bat diseinatzeko orduan gure ustez kontuan izan behar diren puntu garrantzitsuenak.