Mostrando entradas con la etiqueta curriculuma. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta curriculuma. Mostrar todas las entradas

jueves, 9 de abril de 2015

Guztiontzako eskola, aniztasuna, nortasunaren garapena eta orientazioa

Ikasle guztiek ikasteko eskubidea badute, zergatik ez dago hezkuntza prestatuta edozein izanda ere zure beharrak erantzun eta zure gaitasunak areagotzen laguntzeko? Zergatik jarraitzen dugu kurrikulum itxi baten inguruan antolatzen gure umeen heziketa, euren ebaluazioa, eta euren etorkizunerako orientazioa?

Oso interesgarria iruditzen zait nerabezaroan dauden ikasleen inguruko gogoetak eta lanketak egitea. Uste dut norbanakoaren nortasuna oso kontzeptu magikoa dela eta edozein gertaera edo gauzak hau eraldatu dezakeela. Beraz, gure eskuetan dugun karameluz egindako figura hauskor eta era berean malguak egunero zure bizitzan presente izatea oso ederra dela uste dut. Konexio oso ona lortu dudalakoan nago inguruan izan ditudan ikasleekin, guztien barrua ezagutzen saiatu naiz, eta nahiz eta, garbi eduki hau ia ezinezkoa izango dela (azken batean izeberg baten modukoak gara ehuneko 10 bakarrik azaleratzen dugu eta beste guztia ur azpian gordeta dugu)  guztiei arrakastarako duten ahalmenean sinetsi arazten lagundu nahi diet. Denok gara gure ahalmenen jabe eta irakasleok ahalmen hauek esnatzen lagundu behar diegu.





Espektatibak...



Konturatu naiz ikasle onak ondo izendatuta dituztela hauen onena lortu ahal izateko eta puntu honetan uste dut ikastetxearen beraren irudia hobetzeko egiten direla lanketa hauek. Hau da, ikastetxeak bertako ikasleak ondo prestatuta eramaten ditu ikastetxe arteko lehiaketetara eta honek zentroari prestigioa ematen dio.


Bestalde, gaur egunean daukagun egoera duela urte batzuetakoarekin alderatzen badugu, konturatu gaitezke gaurko guraso asko eta asko unibertsitate tituludunak direla eta honek euren umeengan sortzen duen espektatiba altuagoa izaten dela. Baliteke ikastetxe kontzertatuotan gehiago gertatzea, baina zentro hauetako errealitateak erakusten du bertako gurasoen ikasmaila altua dela. Hau estuki lotuta dago gure seme alabek izan nahi duten etorkizunarekin. Beraz, askeak izaten laguntzen  diegu? Ala gure sinesmen eta usteen arabera heziko dituzten zentroetara eramaten ditugu euren etorkizuneko bidea ahalik eta onena izan dadin gure ustetan? 


Nortasunaren garapena...



Kontutan izaten badugu nerabezaroan ikasleek sekulako aldaketa fisiko, kognitibo, sozial eta afektiboak bizitzen dituztela eta modu batera esanda haurtzarotik sinetsitakoaz kontzientzia hartzen hasten direla, euren nortasuna garatuz eta ordura arte sinetsitakoa errefortzatuz ala aldatuz, garai honetan pertsonak askatasun puntu bat behar luke.

Irakasleak hurbilekoak dira ikasleekin eta honek euren konfiantzan laguntzen duela uste dut. Gainera, ikasleak bizitzen ari diren aldaketak presente dituztela nabari daiteke eurekin erlazionatzeko moduan. Garai honetan, euren inguruan gertatzen denaz ere lasai aritzen dira solasean eta nerabeentzako garrantzitsua da.


Bakoitzaren nortasuna ezagutzen saiatzen dira irakasleak eta ikasleen auto-kontzeptua eta auto-estimua hobetzeko errefortzu positiboak egiten dituzte kasu batzuetan. Baina irakasleak eurak errefortzu positibo askorik ez dute egiten eta eurak ere honetaz jabetzen direla ohartu naiz. Egunerokoak errazago eramaten omen ditu gaizki egindakoak zuzentzeko kritikak egitera edo aldaketak exijitzera.


Ikaste prozesuak...


Irakasleek asko dinamizatzen dute eta parte hartzea bultzatu, gizarteko gaietan konpromisoa hartzen ere irakasten die ikasgai desberdinetan.

Gaiak erlazionatzen dituzte eta ikasleek ikasketaren ikuspegi zabalagoa izaten ahalegintzen dira, aurretik landutakoa eta gero landuko dutenaren argazkiak eginez. Gainera, proiektu desberdinak lantzen dituzte eta hauek arazoen ebazpenean finkatuta egoten dira. Guztiak jasotzen dituzte “site” batean, eta beraz, urteak pasa ahala, euren proiektuekin hurbiltasuna mantentzen jarraitzen dute. Modu batera esanda, euren lanak eskura dituzte beti. Honek ikuspegi zabala ematen die euren garapenaren inguruan.

Ebaluazioa...


Baina konturatu naiz ebaluazio irizpideen gainean, nahiz eta konpetentziak ebaluatu, legeak azken nota batean jasotzea eskatzen duela, eta beraz, nahiz eta bakoitzaren gaitasunen sakonera neurtu, azken finean zenbaki batetara murrizten dela guztia. Ikasleek eurek ere badakite gaitasunak neurtzerako orduan entregatutako lanak baloratzen dizkietela, beraz, azaleko ikuspegiaren aurrean geundeke. Hau da, helburu jakin bat lortzeko aritzen dira, eta hau azken batean tranpa txiki bat izan daiteke. Zergatik ez da posible ikastetxe bakoitzak bere eskumena izatea ebaluatzeko orduan? Azken finean, landuko diren gaiak kurrikulum batean jasota badaude zergatik ez ebaluatu bakoitzak uste duenaren arabera? Pertsonalizazioak duen garrantzia ikusita gaur egun (zerbitzuetan, produktuetan,....) zergatik ez dugu hezkuntzatik bertatik martxan jartzen ebaluazio irizpide pertsonalizatu bat?


Aniztasuna...

ikasle guztiekin egin daiteke lana, bakoitzaren beharrez konturatzea da zailena, baina uste dut egunerokoak asko laguntzen duela horretan. Beraz, zergatik ez apurtu praktika hauekin eta guztiei eman arrakastarako aukera?

zailtasunak

zailtasun fisikoak 

down sindromea


dislexia

sábado, 28 de marzo de 2015

XXI. MENDEKO IRAKASLEA





 XXI. MENDEKO IRAKASLEA

Hezkuntza gizarte batean aurkitzen dugun tresna baliotsuenetako bat da. Gizartea eraldatzeko tresna beharrezkoena eta eraginkorrena da berau. Bere potentziala aintzat harturik gaur gure ikastetxeetan aurkitzen ditugun erronka nagusiez arituko gara jarraian. Hezkuntza eskubidearen bermea, curriculum malguen beharra, inklusioa, ikasketa prozesua eta irakasleen betebeharrez arituko gara.

HEZKUNTZA ESKUBIDEA

Denboran zehar bilakaera nabarmena eman du hezkuntzak eta baita berari hertsiki loturik aurkitzen ditugun beste hainbat alorrek ere. Gizarteko eremu oro bezala garaian garaiko pentsamendu eta ideiei egokitzen joan izan da hezkuntzaren esparrua, pribilejio moduan hautematetik eskubide izatera pasa da eskola eremuko hezkuntza.
Herri bateko pertsona guztiek, pertsona izate hutsagatik, eskubide zibil, politiko eta sozialen jabe dela ulertzen da gaur egun zenbait dokumentu idatzietan bai eta hainbat diskurtso politikotan. Hala ere, errealitateak erakusten digu herritar guztiek eskubide horietaz gozatu dezaten dokumentu eta diskurtsoez gain baldintza material konkretuak beharrezko dituztela. Askotan ulertu izan da haur eta gazteak hezkuntza zentroetara joateko aukera bermatua izate hutsagatik hezkuntza eskubideaz gozatzeko baldintzak asebeteak zirela.
Hezkuntzaren esparruko alor ezberdinetan lanean aritu izan diren profesionalek, berriz, azpimarratu dute hezkuntza eskubidearen eremua ikastetxeetara joateko aukeraz haratago ulertu behar dela. Pertsona orok bere garapen pertsonal, kognitibo, emozional… behar bezala garatu ditzan ezinbesteko da ikastetxeetara joateko aukeraz gain ikaste prozesu guztian zehar izango dituen baldintzak aztertu eta horien berme zuzena ahalbidetzea.
Ikaste prozesua integrala izan dadin beharrezko izango da pertsona bakoitzaren garapena modu autonomoan landu eta aztertzea. Herritar orok dituen baldintzak, testuingurua, ezaugarriak… aztertu beharra dago eta horien araberako hezkuntza proposamen integral bat ahalbideratu behar da. Modu honetan, eta soilik honetan, bermatu ahal izango dugu herritar ororen hezkuntza eskubidea.
Ulertu behar dugu pertsona bakoitzaren bizi baldintzak eta garapena oso ezberdinak direla, pertsonen izatea oso anitza dela eta, beraz, guztiek hezkuntza eskubidea bermatu izan dezaten prozesua modu ezberdinetan eta denbora ezberdinetan planteatzea ezinbesteko izango dela.
Hezkuntza eskubidearen bermea ez da soilik norbere garapen pertsonala bermatzeko baldintza soilik. Eskubide honek herritarren garapena bermatzeaz gain herri eta gizartearen garapenerako ezinbesteko baldintza dugu. Hezkuntzaren bitartez nahi eta behar bezalako herritarrak heziko ditugu. Herri baten hazkuntza honek beronen gainean izango duen inplikazio mailaren arabera emango da eta, arrazoi hori medio, esparru horretan apustu garbi bat egitea ezinbesteko izango dugu.

CURRICULUMA

Orain artean pertsona bakoitzak duen hezkuntza eskubideaz eta honek herri bateri ematen dion aberastasunaz mintzo gara. Esandako guzti hori garatzea posible izan dadin ezinbesteko izango da Curriculumaren esparruko azterketa eta eraldaketak ere planteatzea.
Curriculumak herrian herriko errealitateari erantzun beharko dio. Honen historia, testuingurua, baldintzak, balioak … aintzat harturik diseinu orokor bat egin beharko da. Baina orokortasun hori ikasle bakoitzaren errealitate, baldintza eta ezaugarrietara moldatzea ere ezinbesteko izango da norbanakoaren behar bakoitzari erantzunez hezkuntza eskubidea gauzatua izan dadin.
Jakin badakigu pertsona bakoitzak dituen gaitasunak eta beharrak oso ezberdinak direla. Hezkuntzak, azpimarratzen gatozen bezala, norbere beharrei erantzun beharko die hezkuntza eskubideaz pertsona orok goza dezan. Hori dela eta Curriculuma ezin izango da bat eta bakarra izan, norbanako bakoitzaren prozesuari egokitu beharko zaio. Modu honetan, helburuak guztientzako berdinak izanik ere bakoitzak garatuko duen prozesua oso bestelakoa izango da bai erabiliko den metodologian, bai denboretan, bai baliabideetan, bai espazioetan ere. Curriculumaren planteamendu hau gauzatu ahal izateko, baina, ezinbesteko izango da hezkuntza komunitateko kide eta instituzio guztien inplikazio eta elkarlan sendoa. Curriculumaren egokitzapenak hainbat alorretan eraldaketak egitea inplikatzen du. Honela, eskolak integratzaile izatetik inklusibo izatera pasa beharko dira, metodologian berrikuntzak eta egokitzapenak egin beharko dira etengabe, elkarlan indartsua bermatu beharko da hezkuntza komunitate guztiaren aldetik, hezkuntza alorreko profesionalek erronka berriei erantzun beharko die eta, beraz, etengabeko formakuntzan jardungo dute, hezkuntza legediak baldintza guzti hauek gauzatzea ahalbidetu beharko du …

ESKOLA INKLUSIBOA

Curriculum orokorraren egokitzapenak ikasle bakoitzaren beharrei erreparatzea ekarriko du eta, modu horretan, ikasleen artean aurkitzen ditugun ezberdintasun anitzak azaleratuko dira. Aniztasun horiek eremu askotan antzemango ditugu: eguneroko bizi baldintzetan, gaitasunetan, beharretan, izaeran …
Aniztasuna, orain artean, oztopo moduan ulertu izan da. Gehiengoaren patroietatik at zeuden pertsona guztiak seinalatu, etiketatu eta baztertu egin izan dira orain artean. Ikuspegi hau, pertsona eta herri bezala, ezinbestez aldatu behar dugu. Aniztasuna aberastasun iturri moduan ulertu behar dugu.
Pertsona guztiok gara gure artean ezberdin. Ez dugu aurkituko inor bata bestearen berdina denik. Aniztasun horri aurre eginez gure errealitatea moldatu behar dugu, baita gure eskolak ere. Aniztasuna aberastasuna izanik gure gelak heterogeneoak izatea bultzatu eta aniztasun hori ezagutza lortzeko bitarteko moduan ulertu behar dugu, horretarako norbere berezitasunen aitortza egin beharko da.
Aniztasunaren ikuspegi zabal hori gure ikasgeletara eraman behar dugu baina inklusio prozesu hori emateko behar beharrezkoa izango dugu komunitate sentimendua izatea eta bertan elkarbizitza osasuntsu bat gauzatzea. Hala ere, inklusioa bizi estilo moduan aplikatu ahal izateko gizarteko eremu anitz ditugu oraindik eraldatzeko: kultura, politika …eta milaka dira eskola eremuan ere gestionatu beharreko alorrak: curriculuma, metodologiak, ebaluazio sistema …
Hezkuntza eskubidea bermatua izateko pertsona guztiak beraien ikasgeletan eta herrian onartuak izan behar dira, bestela beraien ikasketa prozesurako eta, beraz, hezkuntza eskubidea bermatua izateko ezinbesteko baldintzak urratuak izango ditu. Ikasketa prozesuan ikasle bakoitzaren behar eta gaitasunak antzemanez curriculuma egokitu egin beharko da.
Curriculum malgu bat osatu behar da baina horretarako beharrezko izango du ikastetxean malgutasun batez gozatzea. Hori dela eta Euskal Herrian bizi dugun egoera zentralizatzailea gainditu beharra dugu. Curriculum malguak ikastetxetako autonomia garatzea ekartzen du. Izan ere, ikastetxeek beraien ikasleetan jarri beharko dute fokua, egunean bizi duten errealitate zehatzari egin beharko diote aurre. Modu honetan ordutegi aldaketak, espazio anitzak, elkarlana, baliabideak… moldatzen joan beharko dira. Aurrera pausu hori ematea ezinbesteko baldintza izango da inklusioa eskoletan bermatzeko.
Eskoletan orain arteko garapena egitea bermatzen baldin bada, gu bizi garen errealitatea, gizartea inklusioaren bidean eraldatzera ere bultzatuko dugu. Aurreko ataletan azaldu dugun bezala hezkuntzak gizarteko herritarrak eraikitzen ditu eta, beraz, hezkuntza balore, ideia aldaketak ematen baldin badira ezinbestez gizartea berau eraldatuko dugu. Inklusioaren bitartez, beraz, elkarlana, aniztasuna, errespetua, autonomia … baloratuak eta indartuak izango diren gizarte bat eraikitzeko bultza bat egingo dugu.

IKASLEEN BEHARRAK HEZKUNTZA FOKU

Hezkuntza eskubidearen subjektu ikasleak dira eta, beraz, hezkuntzak ikasle horien gainean ezarri behar du fokua. Ikasle guztien aniztasuna erreparatuz curriculum malguak sortuz inklusioa ahalbideratzea izango da ikastetxeek gaur izango duten erronka nagusietako bat.
Ikastea bizi guztiko prozesu bat moduan ulertu behar dugu eta prozesu horrek ibilbide ezberdin asko izan ditzake. Ikasleen testuinguruaren eta beharren arabera prozesua modu ezberdinetan diseinatu beharko da.
Ikasketen helburua ez da soilik edukiak ezagutzea, hots, adimen kognitiboa garatzea. Hezkuntza prozesuaren bitartez ahalik eta garapen integralena lortu behar dugu eta, beraz, pertsonarteko adimena, hizkuntza adimena, adimen logiko matematikoa, adimen espaziala, adimen musikala, zinetiko-korporala, naturalistikoa eta kognitiboa landu beharko dira.
Gaitasun guzti horietan aurrera pausuak izateko elkarren arteko kolaborazioan lan egiten ikasi beharko dute ikasleek, lan autonomoan trebatu beharko dute, sormena landu beharko dute, kritikotasuna garatu beharko dute … Hots, eskolak herritar arduratsu eta askeak garatu beharko ditu, komunitatearekiko ardura eta konpromisoa erakusten dutenak, parte hartze aktiboa gauzatu dutenak.
Ikasle, pertsona bakoitzak erraztasun eta zailtasunak eremu ezberdinetan aurkituko ditu prozesuan zehar eta, arrazoi horregatik, pertsonalizatua izango duen hezkuntza bat jasotzea ezinbesteko izango da berau ikasle bakoitzarentzako ahalik eta aberatsena izan dadin.

IRAKASLEA

Hezkuntza eskubidearen bermea gauzatzeko, curriculum malguak sortzeko, inklusioa gauzatzeko, ikasleen prozesu integrala bermatzeko… gizarteko alor ezberdinetako profesionalen inplikazioa eta hezkuntza komunitateko kidego guztiaren elkarlana beharrezkoa izango bada ere irakasleak betetzen duen papera oinarrizkoa izango da.
Ikaslearen gaitasun eta beharretan fokua ezarriz bere egin beharra horien ikasketa prozesua bermatzea izango da. Horretarako etengabe formatzen jardun beharko du metodologia berrietan, teknologia berrien erabilpenean … baina horretaz gain ikuspegi inklusiboa eta balore zehatz batzuk izatea ere garrantzizko izango ditu.
Irakasleak lan egingo duen ikasleen egoera ulertzeko eta egoera ezberdinak ahalik eta hobekien kudeatzeko ezinbestez adimen emozionala landu beharko du. Ikasleak asertibitate osoz tratatu eta beraien aukeraketetan bidelagun izan beharko du.
Irakasleak elkarlanari garrantzia handia eman beharko dio eta kooperazio lanetan jarduten erakutsi beharko die ikasleei eta modu horretan lan egitearen garrantzia azpimarratu beharko du.
Kooperazio horretan bakoitzaren ezaugarri ezberdinak errespetatzen erakutsi beharko du irakasleak eta horretarako ezinbesteko izango du norbanako bakoitzaren identitate indibidualaren alderdi positiboak azpimarratzea, hau da, identitate positiboak eraiki beharko ditu.
Ikasle bakoitzak bere nortasuna onartua dela sentitzea oso garrantzitsua izango da bere auto-kontzeptua eta auto-estimua garatzeko. Horretarako behar beharrezkoa izango da irakaslegoak ikasleen etiketajerik ez egitea eta bakoitzaren ikasketa prozesua bultzatzea. Izan ere, aurreiritzi ezkorrek ikaragarrizko eragina izaten dute ikaslearen auto-kontzeptuan eta auto-estimuan eta horrek ikaragarrizko eragina izaten du ikasketa prozesu osoan zehar.
Beraz, irakasleak edukiak erakusteko betebeharra izateaz gain ikasle bakoitzak bere garapenean aurkituko dituen eraldaketa (gorputz, adimen, sentipen, akademiko, pertsonal, profesional…) guztiei modu egokienean aurre egiten lagundu eta irakatsi behar dio.
Irakaslearen betebeharra izango da, beraz, ikasle bakoitzaren eta ikasle taldearen ongizatea bermatzea. Horretarako errespetuak oinarritutako giro bat sortu beharko du bere ikasgelan.
Irakasleak ardura oso garrantzitsua du beraz. Irakasleak herritarrak hezten ditu eta herritar horiek arduratsuak, askeak, kritikoak, autonomoak, elkarlana oinarri dutenak, aktiboak … izateko irakasleak ere balore horiek bere bere eginak izan beharko lituzke ondoren ikasleei horiek garatzen laguntzeko.