Mostrando entradas con la etiqueta berrikuntza. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta berrikuntza. Mostrar todas las entradas

domingo, 29 de marzo de 2015

Berrikuntza Proiektua: Osasuna eta ingurugiroa


Ingurugiroarekiko eta norberarekiko ohitura desegokien zuzenketan kontzientzia hartzea


Gizarteak, bizitzen ari den transformazio-prozesuan zehar hainbat arazorekin topo egin du, besteak beste…

      Ekonomiaren garapenak bultzatutako kontsumismoa eta honen ondoriozko ingurumenaren kutsadura.
      Teknologia berriek aisialdiaz gozatzeko ekarri dituzten ohitura berriak, sedentarismoa eta obesitatea bultzatuz.
      Euskal kulturan “ohikoa” den alkoholaren kontsumoa, gazte gehiagoren artean droga honen kontsumoa bideratuz.

Gatazka hauei aurre egiteko jomugaz,  berrikuntza proiektu bat proposatzen dugu. Honela, ikasturtean zehar, arestian azaldutako arazoak ardatz bezala harturik, hainbat ekintza burutuko dira ikastolako partaide diren guztiekin (ikasle, irakasle, guraso…). 

  HELBURUAK.

Helburu nagusia ikasleen ingurugiroarekiko eta norberarekiko ohitura desegokiak zuzentzea eta ideia hauetan kontzientzia hartu araztea da. Bereziki puntu edo helburu hauetan sakonduko da proiektua:

·       Planetaren egungo egoera dela eta, gazteak kontzientziatu eta motibatu nahi ditugu inguru-giroaren alde jokatu dezaten. Bizi garen gizarte kontsumista honetan egunero hainbat eta hainbat zabor tona sortzen ditugu. Arazoa larria da eta zenbateko zabor hori gutxitzea euren erantzukizuna da. Hortaz, murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea ezinbestekoa dela ulertu behar dute, guztion etorkizuna haien eskuetan dago eta.

·       Bizimodu aktiboa sustatu nahi dugu. Ikasleak euren egunerokoan ariketa fisikoa burutzeak duen garrantziaz kontzientzia hartu. Heziketaren parte izan behar du kirolak ere, gorputzaren hazkuntza prozesuan norberak bere gorputza kontzienteki mugitzen jakin dezan. Kontzientziazio prozesu honetan ezinbestekoa da gurasoen parte hartzea.

·       Alkohola eta orokorrean droga kontsumitzeak sor ditzakeen arriskuen berri eman nahi diegu gazteei, beraien kontzientzia piztu eta osasuna hobetzeko asmoz. Adingabeek alkohola kontsumitzeak berehalako ondorioak izan ditzake, eta gainera, larriak, baita ondorio kaltegarriak ere epe luzean, hala nola alkoholarekiko adikzio kronikoa. Nerabeen garuna bereziki ahula da alkoholaren ondorioen aurrean. Azken urte hauetan, azterlan zientifiko askok egiaztatu dute lotuta daudela nerabeen alkohol kontsumoa eta kalte zerebrala. Beraz, egoera honen aurrean, gazteekin gai hau sakonki lantzea ezinbestekotzat hartzen dugu.


JARDUERAK POSIBLEAK


Bigarren eskuko merkatua.

Helburua: Erabiltzen ez diren gauzei bigarren aukera bat ematea, eta horrela kontsumismoaren murrizketan laguntzea

Materiala birziklatzeko tailerra.

Helburua: Zabor bihurtuko materialei erabilera ezberdina ematea.

Ginkana.

Helburua: Ikasleak kirola egitea osasuntsu egoteko eta aldi berean naturaren aldeko ekintzak aurrera eramatea.



Eskola kirolari buruzko hitzaldia.

Helburua: Gaztetatik kirola egiteak ekartzen dituen onurez kontzientzia hartzea.


Ikastetxeen arteko Olimpiada.

Helburua: Kirola sustatuz, taldelana, elkarrezagutza eta osasuna landu nahi dira.


Aldarrikapendun kamiseten egunak.


Helburua: Ingurugiroarekiko eta norberarekiko ohitura txarrez kontu hartzea. 




Drogen kontsumoaren inguruko hitzaldiak. 

Helburua: Esku-hartze hauen helburua gazteak droga kontsumoarekin lotutako arriskuez jabetzea, kontsumo horrek eragin ditzakeen kalteei eta arriskuei buruzko informazioa izatea eta autozaintzako jokabideak indartzea da, droga kontsumitzea erabakitzen badute

Irakasleen prestakuntza iraunkorra alkoholaren prebentzioaren inguruan.


Helburua: Irakasleen prestakuntza honen helburua ikastetxeko irakasle eta orientatzaileentzako formazioa eskaintzea da, ikasleentzako programak era egokian gauzatzeko, baita eguneroko gatazka eta egoerak modu hezgarri eta positiboan aurrera eramateko.







sábado, 28 de marzo de 2015

IKTak hezkuntzan

Ikastetxearen helburuetako batzuk ikasleen baliabideekin lotuta daude,  eskolaz kanpoko jardueretan azpiegiturak aberastearekin eta baita kurrikulumean teknologia berriak erabiltzearekin ere. Horretarako:

  • ikasleak eta irakasleek beharrezko tresnak izan ditzaten lan egiten dute. Honela beraien arteko talde lana izan dezakete eta bakoitzaren ezagutza propioa eraikitzen lagunduko die.

  • Teknologia berriek, ikus-entzunezkoek, software-ek, ordenagailuek, informazio sareek, eta abarrek ematen duten laguntzari esker aurkikuntzan oinarritutako  ikasketa prozesuak sortzen dira. Modu berean, kalitate handiagoko lanak egiten laguntzen dute eta ideia nahiz kontzeptuetan sakontze maila handiagoa lortzea ahalbideratzen dute, baita hauen adierazpen hobea ere.

Kontzeptu edo ideia hau oso barneratua dago hezkuntza komunitatean. Hasteko eta behin gaien metodologia zein kontzeptu guztiak Moodleen partekatuta izan daitezke. Guraso-irakasle harremana ere internet bidez izan liteke, non guraso orok bere seme alaben etxeko zereginak, tutorearekin hitzarmenak, eta abar egin eta kontsultatu ahal dituen.

Ikasgaiak erakusteko edo lantzeko orduan teknologia edo aipatutako baliabideen erabilera ikastetxe guztian ondo zabaldua eta landua dago eta ikasgelako errealitatea oso berritua izan liteke.

Bestalde, baliabide hauen erabilera oso zabala da, liburuak kendu eta ordenagailuen erabilerari esker sakontzen dituzte ikasgaiak. Kontzeptu hau oso berria da. Gai honen inguruan, gukk irakasle aldetik gehiago sakondu dugun arren, errealitatean edo egunerokoan ikusi duguna aipatzerakoan, esan behar dugu teknologia proiektu hau ondo bideratzen ari direla ikastetxe asko eta asko, non besteekin partekatzen ari diren metodologia eta izandako esperientzia. 




jueves, 26 de marzo de 2015

Hasteko hitz batzuk

Informazioa eta teknologia berriak noraino heldu dira?

Gaur egun informazioa da gakoa. Segundo gutxitan lortzen dugu informazioa, interneten, blogetan, sare sozialetan… gainera irakurtzeko denbora gutxi dedikatzen dugu, testu laburrak eta irudiak bilatzen ditugu edo bideo motzak; ahalik eta informazio gehiena formatu txikienean. 
Non daude eskutitzak telefono deiak, entziklopediak… Gaur whatsapp eta argazki edo bideoekin komunikatu ahal gara.  Beraz, komunikazio bakoitzari denbora gutxiago dedikatzen diogu. Nolakoa izango da orduan etorkizuna?
Garbi dago ez dela gaur ezagutzen dugun modukoa izango, urte gutxitan gero eta denbora gutxiago dedikatzen baitiogu irakurketa eta idazketari. 

Orduan, nolakoa izan beharko luke hezkuntzak?

Gaurtik aurrerako hezkuntzak konpetentzien garapenean oinarritutako hezkuntza izan beharko luke; txikitatik, ikasleek euren gaitasunak ezagutu eta hauek garatzen ikastea, alegia. Horretarako hainbat baliabide eta informazio dauzkagu eskura. Garrantzizkoa ez da ezagutza irakastea, informazioa edonon bilatu baitezakete, garrantzitsuena informazio hau aztertzen, aukeratzen eta erabiltzen ikastea da. Ikasitako honek bizitzan zehar benetan lagunduko baitie.

Lehen eta Bigarren Hezkuntzan mota honetako hezkuntza ematen hasiak dira ikastetxe batzuk, baina, zer gertatzen da goi mailako ikasketekin? Konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren ondoren, ikasle batek zergatik ez dauka goi mailako ikasketak modu berdinean egiten jarraitzeko aukerarik? Aurrera begira, ditugu erronketako bat dela uste dut. Onartezina deritzot, unibertsitatean klase magistralak ematen jarraitzea, ikasleak beste modu baten hezten hasiak direnean…

Honi lotuta zalantza bat sortzen zait. Konpetentzia bidezko ikaskuntza baten ostean zer gertatzen da selektibitatearekin? Beharrezkoa den, ala ez, alde batera utzita, nire zalantza proiektu bidez ikasi duten ikasleek ezagutzan oinarritutako froga bat gainditzeko izan ditzaketen zailtasunetan datza. Aurrera begira puntu hau aztertu nahi nuke, ez baitut egunik izan honetara iristeko.

Horrelako gazteak ezagutzen dugun lan merkatuan lekurik izango dute?

Ikasle hauek polibalenteak direla uste dut, arazoak konpontzen adituak, sistemak sinplifikatzen dakitenak, behar ez den gauzetan denborarik galtzen ez dutenak… 
Beraz, mota honetako profesionalak ez dira izango geroko enpresen benetako kapitala? Europa mailan uste dut hasiak direla modu honetara ikusten profesionalen balioa, baina, tamalez, gure inguruan oraindik espezializazioa bilatzen da eta beraz, pertsona bakoitza gai batean aditua izan behar da. Honela, enpresak bere irabaziak handitzeko lan egiten du eta langileek askotan ez dakite zein diren enpresaren helburuak, ezta baloreak ere.

Uste dut, hezkuntza ikuspegi honek biharko langile mota berria sortzen duela eta hauek lan merkatua aldatuko dutela. Beste mota bateko enpresak sortuko dira, pertsona bakoitzak bere balioa eman ahalko die beste batzuei, eta talde bakoitzetik proiektu desberdinak aterako dira. Imajinatu ahal dut pertsona guztiek autonomo gisa lan egiten duten gizartea, eta hauek batzen diren talde bakoitzetik zerbait ateratzen talde proiektu moduan…

Garbi dudana da, lan merkatu berri honek gizartea bera ere aldatuko lukeela, baina puntu honetan errealitatera bueltatuz, gobernua datorkit gogora. Zer nahi du gure gaurko gobernuak etorkizunean? Nire ametsak urruti dabiltzanaren susmoa dut…

Zeintzuk dira ikusten ditudan zailtasunak?

Alde batetik, “mikro“ gisa, familiak eurak dira zailtasun. Guraso gehienak goi mailako ikasketadunak dira gaur egun, eta hori areagotuz joango delakoan nago, krisia dela eta, gero eta gehiago ikasten baikabiltza. Jasotako informazioaren arabera, guraso gehienek euren umeentzako etorkizunerako planak dituzte, eta ez dute onartu nahi euren seme alabek zuzenbidea ala medikuntza ikasi ezin dutenik. Lanbide ikasketenganako dugun pertzepzioa ere ez da ona eta horregatik guraso–generazio honek ez dakit aurrerantzean nola jokatuko duen euren seme alaben garapen eta orientazioan. Momentuz ez dut irtenbide garbirik ikusi eta behatutakoak larritu egin nau. 
Laburbilduz, orientazioa beharrezkoa dela deritzot. 

Beste alde batetik, “makro“ gisa, gizarte–sistemaren inguruan iruzkin bat.  Ongizate–gizartea edo estatua lortzea helburu izanda, egun daukagun errealitatea oso krudela da, non aberatsak aberasten jarraitzen duten eta gero eta txiro gehiago dauden. Sistema kapitalista honek arrakastarako aukerak murrizten dizkie aberatsak ez direnei. Beraz, derrigorrezko hezkuntzak nolako pertsonak hezi beharko lituzke, kontuan izanda, gehienek ez dutela aukerarik izango goi–mailako hezkuntzan sartzeko?